AKTUALITATEA


| 2020-02-21 17:53:00

EH Bilduk Gasteizen lan istripuan hildako azken langilearen senide, lankide eta lagunei doluminak eta elkartasuna helarazi die gaur. Era berean, azken lan istripu hori salatu egin du eta deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Azkenik, Arabako Batzar Nagusietan bozeramaileen batzordean eztabaidatzeko adierazpen instituzionala aurkeztu du. EH Bilduk agerian utzi nahi du 2020a zorigaiztoko urtea  izaten ari dela. Honekin 13 dira urtea hasi zenetik lan istripuetan hildako langileak, eta beste bik desagertuta jarraitzen dute Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren ondorioz. Hildakoetako hiru arabarrak dira, eta bat gehiago Gasteizera lanera etortzean. Hori dela eta, EAJk eta PSEk duela aste gutxi gertatutakoa ez errepikatzea espero du eh Bilduk, eta, oraingoan, ekimena babestea.

Jarraian testu osoa: 

1.-  Arabako Batzar Nagusiek atsekabea adierazten dute atzo Gasteizen beste langile bat hil zelako asteazkenean izandako lan istripuaren ondorioz. Honekin 13 dira lan istripuetan hildako langileak urtea hasi zenetik eta beste bik desagertuta jarraitzen dute Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren ondorioz. Hildakoetako 3 arabarrak dira, eta beste 1 Gasteizera lanera zetorrenean. Arabako Batzar Nagusiek doluminak helarazi nahi dizkiete hildakoen langileen familiei, lagunei eta lankideei. Era berean Arabako Batzar Nagusiek lan-istripuen salaketa publikoa egiten dute, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta Osalanek heriotzaren inguruabarrak argitu ditzatela eskatzen dute, familia eta senitartekoei informazioa eman ahal izateko.

 

2.- Arabako Batzar Nagusiek agerian utzi nahi dute lan-prekarietateari aurre egin behar zaiola, lan istripuak ekidin egin behar direla gauza guztien gainetik eta kosta ala kosta, lan-segurtasunak lehentasunezkoa izan behar baitu edozein lanetan. Ezinbestekoa da laneko osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, baita laneko arriskuen prebentziorako arauak bete daitezela eskatzea ere, bereziki lan-prekarietate egoeretan.

 

3.- Horregatik guztiagatik, Arabako Batzar Nagusiek erakunde guztiei eskatzen diete lan-arriskuen prebentziorako jardunbide egokiei buruzko proiektuak gauzatzen laguntzeko – lan-administrazio, sindikatu eta patronal-erakundeekin koordinatuta–, laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituen kontra aritzeko zein ikuskapen-zereginak areagotu eta hobetzeko.

 

4.- Halaber, Arabako Batzar Nagusiek bat egiten dute heriotza hauek guztiak salatzea eta hildakoen familiei babesa eta elkartasuna adieraztea xede duten ekimenekin, eta horietan parte hartzera dei egiten diete herritar guztiei.