AKTUALITATEA


| 2020-04-16 12:13:00

EH Bilduk "erabat arduragabetzat" jo du EAJren Foru Gobernuak EUDELekin negoziazioak geldiaraztea eta Gizarte Zerbitzuen Legearen aplikazioa beste behin luzatzea proposatu izana. Hori da Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako Foru Diputatuak EUDELeko Lurralde Batzordeari igorri dion proposamena. Gaur goizena bildu da lurraldeko batzordea. Luzapen berri horrek udal eskumeneko gizarte-zerbitzuei eragiten die (etxebizitza komunitarioak eta, Eguneko Arretarako Landa-Zentroak-CRADak-) 20.000 biztanletik beherako udalerrietan. Aipatutako luzapenak sei hilabeteko iraupena izango du, abendura arte, eta lehen aldiz Eudelek lan egutegi bat egitea adostu du, Foru Gobernuarekin akordioaren nondik norakoak negoziatzeko

 

Zerbitzu Sozialen Zorroaren Dekretua onartu eta lau urtera, 2020ko ekainean amaitzen da oinarrizko zerbitzu horiek kudeatzeko formula bat adosteko epea. Txelo Auzmendi Asparrengo alkateak gogorarazi duenez, "EUDELen baitan, urtebeteko lanaren ondoren, dagoeneko adostu dugu kudeaketa formula bat; orain, Arabako Foru Aldundiak hura berrestea eta finantzaketa formulak adostea baino ez da falta".

 

Kudeaketa mankomunatua da, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean (ETEL) jasota dagoen eredu berria, baina oraindik ez da garatu. "Tokiko Lankidetza Sarea" toki-erakundearen izaera du, eta kudeaketa-formula mankomunatu bat da, bere kideen artean inplikatutako edozein erakunde sar dezakeena.

 

Hori dela eta, beste luzapen batera jotzea, epea agortzen saiatu gabe, Foru Gobernuaren "ezintasuna" eta "arduragabekeria" agerian uzten dituela uste du EH Bilduk. Hori gutxi balitz, Arabako Foru Aldundiak COVID 19ren ondoriozko osasun-larrialdiko egoera aitzakia gisa erabiltzen du luzapen berri hori proposatzeko, hain zuzen ere, pandemiak gizarte-zerbitzuak emateko gabeziak erakutsi dituenean. "Azken asteotan ikusi dugu gizarte zerbitzuak gainezka daudela, haien kudeaketa kaotikoa izan dela, eta behar oinarrizkoenei erantzuteko material eta langile falta nabarmena dagoela. Krisi horrek erakutsi du, halaber, hurbiltasunetik, udalak gai izan garela beharrizan sozial horiei bizkortasun handiagoz erantzuteko ", gaineratu du Auzmendik.