AKTUALITATEA


| 2019-06-15 13:13:00

Arabako 53 udalerrietako osaketa egin ostean, EH Bilduk hurrengo legealdian hamaika udalerri gobernatuko ditu guztira, aurreko legealdian baino bi gehiago. Horietako bederatzi udalerrietan gehiengo absolutuarekin gobernatuko ditu. Horrela izango da Aiaraldeko Artziniegan, Lautadako Asparrrenan, Barrundian, Donemiliagan eta Zalduondon eta Gorbeialdeko Aramaion, Legution, Urkabustaizen eta Zuian. Argantzungo kasuan, EH Bilduk zazpi zinegotzitik hiru izango ditu eta beste horren beste Samaniegon.

 

EH Bilduk lehen aldiz izango ditu Artziniega, Samaniego eta Argantzungo alkatetzak eta, era berean, Urkabustaiz berreskuratu du bertan 2011-2015eko legealdian gobernatu ostean. Aurreko legealdiarekin konparatuta, EH Bilduk ez du errepikatuko Laudion eta Zigoitian. Udalerri horietaz gain, EH Bilduk akordioak lortu ditu EAJrekin Bastidan eta Guardian. Arabar Errioxako bi herri horietan, PP kanporatzeaz gain, egonkortasun eta gobernagarritasuna bermatzeko gobernu akordioak egin dira.

 

Guztira, EH Bilduk 121 zinegotzi izango ditu 37 udalerrietan, duela lau urteko hauteskundeen ostean lortutako baino 20 gehiago.