AKTUALITATEA


| 2020-04-29 10:21:00

EH Bilduk Araban zerga-presioa Eurogunekora progresiboki hurbiltzea eskatu du, horretarako, besteak beste, Aberastasun Handien Zerga ezarriz herrialdean. Izan ere, aurreko legealdian Foru Aldundiak egindako aurreikuspenen arabera zerga berri horri esker 26.000.000 gehiago sartuko lirateke urtero Ogasunaren kutxan. Horretaz gain, Kike Fdz de Pinedo bozeramaileak proposatu du PFEZn kapital- eta lan-errenten tributazioa parekatzea, Sozietate Zergan kenkariak zerga-oinarriaren %20ra mugatzea eta etekinen araberako progresibitatea ezartzea. Beste bi proposamen ere luzatu ditu EH Bilduk: Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan ere progresibitate printzipioa ezartzea eta zerga guztiak arautzeko eskumena eskuratzea, batez ere BEZaren kasuan.

Fdz de Pinedok gogoratu duenez, Arabako zerga presioa Europako batez bestekotik behera dago: Euroguneko 19 estatuen batez bestekoa %40,2koa da, Espainiar Estatukoa %33,8koa eta Arabakoa are baxuagoa da, soilik Madril eta Bizkaia egonez Arabaren atzetik. Iruzur fiskalari dagokionez, “oso handia” dela salatu du: 2018an 132.000.000 euro antzeman ziren, baina soilik 81.000.000 berreskuratu ziren. Atzera begira jarrita, aurreko krisialdian hartutako neurriak gaitzetsi ditu EH Bilduk: 2007ko dirubilketan, Sozietate Zergak %15,7koa suposatu zuen, eta PFEZak %30,87koa. 2019ko diru-bilketan, ordea, %8,14 eta %35,73, hurrenez hurren.

“Aurreko krisitik ateratzeko, fiskalitatea are gehiago desorekatu zenez, gaur gun diru-bilketaren zama handiena PFEZren kontura lortzen da, hots, langileen nominetatik ateratzen da. Hala ere, oraindik fiskalitatean erabakiak hartzeko tarte oso handia daukagu”, nabarmendu du bozeramaileak. 

COVID19a eta Arabako fiskalitatea 

 Pairatzen ari garen krisi sozio-sanitarioaren ondorioz, Arabako diru-bilketaren jaitsiera %20 ingurukoa izango da gutxienez, jarduera ekonomikoaren jaitsieraren ondorioz PFEZ, Sozietate Zerga eta BEZaren sarrerak jaitsiko direlako. Horren ondorioz, datorren urtean Aldundiak 500/600.000.000 euro gutxiago ingresatuko ditu, eta jaitsiera hori Eusko Jaurlaritza, AFA eta Toki Erakundeen artean banatu beharko da. “Kupoa, berriz, berdin-berdin ordaindu beharko dugu”, gaitzetsi du bozeramaileak.

Hala ere, gastu publikoa areagotzeko beharra nabarmendu du EH Bilduk, eta osasun eta gizarte zerbitzuak, politika sozialak edota sektore kaltetuenentzako diru-laguntza zuzenak jarri ditu adibidetzat. "Gainera, Toki Erakundeen finantzazio egokia ere  bermatzeko beharra dago, aipatutako arloetan euren eskumenak egokiro bete ahal izateko" ondorioztatu du Fdz de Pinedok.