AKTUALITATEA


| 2019-12-19 09:02:00

De Miguel auziko epaiaren berri izan eta bi egunera, EH Bildu-k Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari eskatu die STOA-ko kontratua "berehala" eteteko, enpresak De Miguel auzian parte hartu zuela frogatu ostean. Era berean, Gorka Urtaran alkatearen eta Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiaren agerraldiak eskatuko dituela iragarri du; horrez gain, Itziar Epalza Parke Teknologikoen Zuzendari Nagusiak eta Francisco Marquez Miñaoko parkeko gerenteak ere agerraldiak egitea eskatuko du EH Bildu-k.

Kike Fernandez de Pinedok eta Miren Larrionek gogorarazi dutenez, ez da lehen aldia EH Bildu-k kontratua etetea eskatzen duela. 2018ko irailean, esaterako, Nerea Melgosa orduko Garapen Ekonomikoko zinegotziak STOA Miñaon mantenduko zuela iragarri zuen, baina epaiketaren epaiak irregulartasunen bat egiaztatzen bazuen "kontratua deuseztatuko" zela bermatu zuen. Urtaranek, era berean, auzitegiak kontratua legez kanpokoa zela frogatuz gero, hau bertan behera uzteak kosturik ez zuela izango iragarri zuen. Eta data horietan bertan, EAJk kontratazioaren "legezkotasuna" azpimarratu zuen; are gehiago, Luis Javier Tellería jeltzaleak nabarmendu zuen "STOA-ren kontratua ez dagoela epaiketan" eta "epaileak ez duela inoiz eskatu hura aztertzeko". Adierazpen horiek egin eta urte eta hiru hilabete igaro direnean, epaiak dio < < Epaitegiari ez zaiola zalantzarik egiten, ordainketa horren truke kontratua esleitu zela [… ].>> STOA-ri errefrentzia eginez eta EAJ-ren bertsioari bertsioari ateak itxiz.

"Epaia sakon aztertzen jarraitzen badugu ere, azken urteetan gure alderdiak salatutako irregulartasunen inguruan ez dago zalantzarik: Urtaranek eta Gonzalezek kontratua eten behar dute lehenbailehen", adierazi du Fernandez de Pinedok.

Zentzu honetan, batzarkide taldeko bozeramaileak eta udal taldeko bozeramaileak gogorarazi dute epaiak Arabako lurralde osoa ukitzen duela, kuadrilla guztiak aipatzen baititu Alfredo De Miguelek horien lehendakariekin egindako bilerak jasoz sententzian. Horregatik, EH Bildu-k azalpenak eskatuko dizkie Gasteizko alkateari eta Ahaldun Nagusiari: "Arabako eta Euskal Autonomia Erkidegoko historiako ustelkeria-kasu handienaren aurrean, eta inplikatutako alderdikideekin, ez dugu ulertzen nola Urtaranek eta Gonzalezek ez duten iritzirik eman oraindik. Gogoratu nahi dut hainbat hozkada negoziatu zirela foru bulego eta ordenagailuetan. Ez dago erdibiderik", ondorioztatu du Fernandez de Pinedok.