AKTUALITATEA


| 2019-11-12 11:12:00

Osakidetzaren Lehen Mailako Arretaren eredua krisi sakonean murgilduta dagoela salatu dute EH Bildu-ko Miren Larrionek eta Iñaki Ullibarrik Udaletxeko agerraldian. Izan ere, azaroaren 24an, igandean, ospatuko den Santa Catalinako osoko bilkuran Gasteizen Osakidetzak dauzkan Etengabeko Arreta Guneen funtzionamendu arazoei buruzko mozioa aurkeztuko du EH Bildu-k, Arabako hiriburuak protagonismo berezia duen bilkuran.

“Gero eta begi-bistakoagoak dira Osakidetzaren Lehen Arretaren gabeziak: medikuntza orokorreko sendagile eta pediatren eskasiak bajak eta hutsuneak sortzen ditu, egoera berdina gertatzen da anbulatorioetan diharduten beste kategoriekin ere -erizainak, administrariak…- eta hutsune larriak daude prebentzio politikei dagokienez”, salatu du Ullibarrik.

Horrenbestez, EH Bildu Batzarkide Taldeak hiru puntu izango dituen mozioa aurkeztuko du, Arabako Batzar Nagusiek eztabaidatu eta onartu dezaten. Bigarren puntuan, adibidez, Arabako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari Gasteizen gutxienez herritar guztien eskura egongo diren bi EAG mantendu ditzala eskatuko da, horien ordutegiari dagokionez bi irizpideok betetzearekin batera: lan egunetan irekita egotea Osasun Zentroak itxita dauden orduetan eta asteburuetan 24 orduz jardutea.

Larrialdietako egoera, gero eta okerrago San Martingo EAG zentroa itxi ostean

Azaroaren 24ko Osoko Bilkuran protagonismo guztia Gasteizek izango duenez, Miren Larrion bozeramaileak ere hiriburuaren diagnostikoa egin du agerraldian. Txagorritxu eta Santiago ospitaleetako larrialdieta eskaerek gora egin dutela salatu du Larrionek, askotan, gaixotasun txikiengatik. Hau da, Etengabeko Arreta Guneak irekita egongo balira, pertsona hauek bertara
joango lirateke, baina ez da posible izan, besteak beste, San Martingo itxi dutelako.

EH Bildu Gasteizko bozeramailea den Miren Larrionek egun diren zerbitzuak mantendu eta kalitate eta asistentzian hobetzearen alde agertu da, “hain garrantzitsua den EAGaren zerbitzuazin zaie hiritarrei ukatu eta Gasteizen zentro bakar batera murriztu. Bi zentroen irekiera eskatzen dugu, osasun-zerbitzu egokia bermatzeko eta larrialdien saturazioa saihesteko”.

Zentzu honetan, udal-arlotik EH Bildu-k proposamen zehatza egin du: Olagibel eta San Martingo anbulategiak asteburu eta jai egunetan 24 orduko zerbitzua eskaini dezatela eta astean zehar irekita egon daitezela Osasun Zentroek ixten duten ordutegian.