AKTUALITATEA


| 2020-03-31 09:32:00

EH Bilduk erresidentzia pribatuen esku hartzea eta kontrol zuzena lehenbailehen hartzeko eskatu dio berriro Arabako Foru Aldundiari. Gainera, duela astebete bezala, batzarkide taldeak berretsi du garrantzitsua dela COVID19-aren testa 48 ordu baino gutxiagoan egitea baliabide sozial, publiko eta pribatuetako langile guztiei, lehentasuna emanez adineko pertsonei eta ezintasunen bat duten pertsonak edo patologia anizkoitzak dituzten pertsonak artatzen dituzten zentroei.

Arabako Batzar Nagusietan baliabide sozialen plantilak babesteko eta indartzeko egindako proposamenen barruan egin ditu eskaera horiek EH Bildu-k. Proposamen horien artean daude, besteak beste, langileen positiboak eta bajak handitzeko aurreikuspena egitea, gizarte-zerbitzuak arreta gabe gera ez daitezen berrantolaketa-planak diseinatzea, gizarte-baliabideetako langile guztiek NBE egokiak eta nahikoak dituztela bermatzea edo "baimen berezia" ematea gaur egun Gizarte Langintzako, Gizarte Hezkuntzako, Gizarte Integrazioko, Laguntzaile Soziosanitarioko eta Sukaldaritzako azken ikasturtean dauden pertsonei. Eta aisialdiko begiraleek, berriz, beren jardueretara egokitzen diren gizarte-baliabideetan lan egin ahal izango dute.

Prentsa ohar baten bidez, EH Bildu-k adierazi du proposamen horiek aurkezten dituztela alde batetik, beren lanpostuetan jarraitzen duten jarduneko langileak babestu ahal izateko, eta, bestetik, langileen lan-bajek eragindako baliabideen plantillak indartzeko.

"Egungo gizarte eta osasun krisiak gure gizarteko sektore ahulenetan eta artatzen dituzten gizarte baliabide ezberdinetan jarri du arreta", salatu du Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu-ko Batzar Nagusietako bozeramaileak. "'Lan sozialak', bere termino zabalenean, bere garrantzi handia utzi du agerian, pertsona orok izan beharko lukeen zuzentasun sozialean eta duintasunean oinarritutako gizarte justuago bat lortzeko".

Horregatik, Fernandez de Pinedoren arabera, Foru Erakundeak lehentasuna eman behar die langile guztiei une hauetan bereziki.

Zenbat langile izan dira kutsatuak?

Bestalde, EH Bildu-k informazio-eskaera bat erregistratu du Gizarte politiketako Foru Diputatuari zuzenduta, Saileko baliabideetako zenbat langile kutsatu diren, berrogeialdian dauden edo COVID19 zerbitzuak Alarmako Estatuaren hasieratik gaur arte bajan dauden jakiteko.

Amaitzeko, eskaera berean, EH Bildu-k adierazi du "ezinbestekoa" dela informazio hori egunero ematea, egoitza publiko zein pribatuei dagokienez.