AKTUALITATEA


| 2019-11-20 13:16:00

Lantarongo isurketa kutsakorren afera Batzar Nagusietara eraman ditu berriz ere EH Bildu-k. Kike Fernandez de Pinedok gogorarazi duenez, 2011n isurketa kutsatzaile bat gertatu zen enpresa kimikoaren kolektore batean, eta horrek eragina izan zuen kuaternarioko akuifero alubialaren lurpeko uretan, bai eta Lantarongo Zubillaga industrialdean dagoen enpresa kimiko horri atxikitako 80 hektarea nekazaritza-finketan ere. Ondoren, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eta Uraren Euskal Agentziak isuriaren jatorria egiaztatzen zuten txostenak egin zituzten, eta aipatutako akuiferoan benzotiazolona, anailina eta toluenoa bezalako substantziak hauteman zituzten, N-S norabidean, Zubillagako industrialdetik Cabrianako presaren azpiko uretaraino.

8 urteren ondoren, arazoak bere horretan dirau, eta horrek kalte egiten die akuiferoaren lurpeko uren egoera ekologikoari eta kaltetutako eremuko nekazaritza eta laborantza lurrei. Aurrekoaz gain, zenbait ureztatze-lanek atzerapenak eta gainkostuak izan dituzte, arazoa konpondu gabe zegoelako.

Hori dela eta, EH Bildu-k mozio bat aurkeztu du Batzar Nagusietan, Aldundiari eskatzeko Eusko Jaurlaritzarekin batera lan-mahai bat martxan jar dezala jabeekin eta nekazariekin, UAGArekin, AFAko Nekazaritza eta Ingurumen sailekin eta Eusko Jaurlaritzako URArekin, Lantarongo isurketa kutsagarriek sortutako arazoari behin betiko irtenbidea emateko.

Azkenik, erdibideko zuzenketa baten ondoren, talde politiko guztiek adostu dute Batzar Nagusiek lurren jabeei, nekazariei, GEQUISA enpresari eta Ebroko Ur Konfederazioari eskatzea bildu daitezela eta bila dezatela ahalik eta adostasun handiena hiru punturen inguruan:

  • Ahalik eta egutegi laburrena, Erreedizio Planean jasotako neurrien betearazpena osatzeko.
  • Lurpeko uren eta lurzoruaren egoera zehazten duen azterlan eguneratua egitea.
  • Lurpeko uren eta lurzoruaren egoera zehazten duen azterlan eguneratua egitea.

Tokiko erakundeentzako larrialdietarako laguntzak, umezurtz

Bestalde, Foru Gobernuak Tokiko Erakundeentzako Larrialdietarako laguntzen deialdia Foru Arau bidez arautzeari uko egin diola ikusita, EH Bildu Batzarkide Taldeak mozio bat aurkeztu du. Bertan, Arabako Batzar Nagusiek "gardentasunaren, eraginkortasunaren eta irizpideen objektibotasunaren alde egin zezatela lurraldeko toki-erakundeei laguntzak emateko deialdiak arautzean" eskatzen zen.

Javier Argote EH Bildu-ko batzarkideak bere hitzaldian salatu duenez aurkeztutako aurrekontuetan, zehazki lurralde orekaren sailean, "ez dugu ikusten laguntza hauetarako aurrekontu partidarik dagoenik".

Talde guztiekin erdibideko zuzenketa egiten saiatu arren, EAJ-k eta PSE-k ez dute babestu nahi izan EH Bildu-k, Elkarrekin Podemos-ek eta PP-k onartu duten mozioa.