AKTUALITATEA


| 2020-04-08 15:36:00

Aldaketarik ez badago, datorren uztailaren 12an Gasteizko Iron Man izango da, baina lasterketa horren eragina askoz handiagoa da eta igeriketa lasterketa zein txirrindularitzako ibilbidea Ullibarri-Ganboako urtegian eta inguruko errepideetan egiten da. Guztira, 2.300 bat lagunek parte hartzen dute proba honetan eta Barrundiako herritarrei eragozpen ugari sortzen dizkie. Hori dela eta, Barrundiako Udalak alternatibak adostu ditu antolakuntzarekin.

“Barrundiako Udalak bizilagunek adierazitako kezkak eta nekeak oso puntu gorenean zeudela ikusita, 2019an ez genuen baimenik eman baina ulertzen dugu ekimen aberasgarria eta interesgarria dela.  Kontuan izan behar dugu batzuk ezin dutela euren lanpostua bete egun horretan eta horregatik, Barrundian bizi diren herritarrentzat soluzio duinak emateko unea heldu dela uste genuen. Zentzu horretan, frogaren antolakuntzarekin hainbat hobekuntza adostu ditugu”, azaldu du Igor Madina Isasi Barrundiako Alkateak.

 

Lehenik eta behin, A-3012 errepidea, Gordoa eta Ozaeta artean kotxeentzako irekita egongo da norabide horretan. Bigarrenik, Marieta eta Elgea artean dagoen bidea, lasterketarako egunean biztanleentzako bide alternatiboa denari, konponbide bat bilatuko zaio egun horretan ibiltzeko modukoa uzteko. Gauza bera egiteko konpromisoa hartu du antolakuntzak Axpuru eta Heredia arteko bidearekin. Azkenik, Ironman jasangarriagoa egiteko nahian, zuhaitz landaketa bat egiteko proposamena egin dio antolakuntzak Barrundiako Udalari. Alkateak, jarrera eskertu eta instituzioen inplikazioa ere eskatu du.