AKTUALITATEA


| 2019-12-27 16:08:00

Barrundiako Udalak gaur onartu ditu legealdiko lehen aurrekontuak. Egitasmoa aurrera atera da Udal Gobernuaren 5 bozkekin eta 2 abstentzioekin eta, guztira, 988.558 euroko aurrekontua izango du Lautadako udalerriak. Bertan, polikiroldegian berrikuntzak egiteko 12.600 euro jasotzen ditu eta beste 26.000 eskola txikia abian jartzeko. “Eskola txikia zabaltzea ez dago gure esku, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren baimena behar dugu eta abenduan erantzun behar ziguten, baina Barrundiak dena prest du hurrengo ikasturtean zabaldu ahal izateko eta eraikina berritzeko diru partida bat gorde dugu”, azaldu du Barrundiako Alkatea Igor Medinak.

 

Horrez gain, Hiri Antolamendu Plan Orokorraren hasierako lanak egiteko 106.000 euro jasotzen dituzte aurrekontuek. Horrez gain, Barrundiako emakumeen txirrindulari proba indartzeko 3.800 euroko diru partida bat sortu da eta musika bekak handitu dira eskaera asko igo delako azken urteotan. 2020an 5000 euro gehiago izango ditu Barrundiak.

 

Horrez gain, inbertsio plan bat onartu du Barrundiako osoko bilkurak. Bertan, batez ere, aldaketa klimatikoaren aurkako politiketan sakontzeko Barrundiak batzar administratiboei zuzendutako energia garbien inbertsio lineala ireki du bertako batzarre etxeetan eguzki plakak jartzea ahalbideratzeko. Era berean, Barrundiako Udaleko eraikinean led argien instalazioa burutuko da hurrengo urtean. Azkenik, inbertsio planean ere sartu da Axpuru eta Heredia arteko bidearen konponketa eta Udalaren irudi berritzea.