AKTUALITATEA


| 2020-01-16 12:31:00

Barrundiak eskola txikiko ateak zabalduko ditu hurrengo ikasturtean. Urteetako lanaren ostean, Lautadako udalerri honetako umeek bertan ikasteko aukera izango dute. Horrela konfirmatu du aste honetan bertan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko delegaritza ordeak Barrundiako Udalari. Gauzak horrela, datorren urtarrilaren 27an zabalduko den matrikulazio epean Barrundiako eskola txikia aukera gisa agertuko da.

Ekinbide izeneko eraikinean egongo da eta eraikina bera egokitzeko Barrundiako Udalak 74.600 euro inbertituko ditu. Dagoeneko, aurreko hilabetean onartu ziren aurrekontuan diru partida gordeta zeukaten. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari diru-laguntza eskatu dio inbertsioari aurre egiteko. “Herri biziak nahi baditugu, gure geroa zaindu behar dugu ezinbestean eta umeak hemen hazteko aukera izan behar dugu; horregatik guretzako funtsezko proiekta zen herri eskola bat zabaltzea Barrundian”, azaldu du Igor Medina Isasa alkateak.

Barrundiako udalerriak 880 bizilagun inguru ditu, eta horietatik 85 dira 2 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoak. Gaur egun, udalerria osatzen duten 13 herrietatik beste udalerrietara joan behar dira  3 urtetik gorako haurrak egunero ikastera; txikiagoek Haur Eskola dute Ozetan. Baina bertako gurasoek Etxeako elkartea sortu eta Ozetan eskola txiki bat zabaltzeko lanean ibili dira azken urteotan. Orain, lanak bere fruituak eman ditu.

Beste eskoletan bezala, eskolatik 2 kilometrotik gorako distantzian bizi direnek garraioa izateko aukera izango dute. Bertako jantokia, aldiz, guraso elkartearen esku geldituko da. “Hor, ezinbestean, zabalik dugun ekonomatoarekin batera elkarlanean aritu baharko dira bertako produktuak sartzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko”, azaldu du Medinak.