AKTUALITATEA


| 2020-01-21 11:26:00

EH Bildu-k pozik hartu du Barrongo urtegiaz arduratzen den enpresa publikoak proiektuari uko egin izana, eta iragarri du informazio ofiziala eskatuko duela, beti "neurriz gainekoa eta beharrezkoa ez den" proiektua behin betiko geldiarazi duela baieztatzeko. Gizarte mugimenduaren eta, bereziki, Barrongo urtegiaren aurkako plataformaren lana ere txalotu du EH Bildu-k.

Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu-ko Arabako Batzar Nagusietako bozeramailearen arabera, plataformaren albisteak "berretsi egiten du azken lau urteetan salatu genuena, Uraren Kultura Berria Fundazioaren txostenarekin eta horren inguruan izan ziren jardunaldiekin berretsi zena". Gogoratu behar da EH Bildu-k eskatu zuela azterlan hori egitea. Txosten horren ondorioek errentagarritasun sozioekonomikoari eta kostuen berreskurapenari buruzko txostenik ez zegoela ohartarazteaz gain, errentagarritasun ekonomiko eta sozialari zegokiona argi eta garbi negatiboa zela eta ingurumenean eragin handiak zeudela nabarmentzen zuten.

"Hasieratik argi geratu zen neurriz gaineko proiektua zela, eta ez zela beharrezkoa, gune horretako ureztatzeari aurre egiteko alternatiba iraunkorragoak zeudelako", azpimarratu du Fernandez de Pinedok. Amaitzeko, EH Bildu-k ureztatze jasangarriaren aldeko apustua berretsi du, baina ingurumenaren eta gizartearen aldetik jasangarriak diren proiektuen bidez garatuta. "Albiste honek Foru Gobernuarentzat atentzio-puntu bat izan behar du, lurraldeari eragiten dioten azpiegituren politika ere birplanteatu dezan", gaineratu du.