AKTUALITATEA


| 2020-05-09 12:47:00

Datorren ekainean Araiako jaiak ez dira orain arte ezagutu ditugun bezalakoak izango. Osasun krisiak ohiko jarduerak galaraziko ditu, besteak beste, berbenak, kontzertuak eta zezensuzkoa. Hala ere, Udalaren asmoa da Araiak bere jaiak ospatzea eta, gainera, ahalik eta parte-hartze handienarekin egitea. Hori dela eta, maiatzaren 20ra arte, Udalak epea ireki du Jai Batzordean parte hartzen duten gizarte, kultura eta kirol eragileen proposamenak biltzeko. asparrena.kultura@gmail.com helbidearen edo 945304006 telefonoaren bitartez egin ahal izango da.

 

"Modu batera edo bestera, jaiak ospatuko ditugu, nahiz eta ezagutzen dugun formatuarekin ez izan. Nola ez, egokitu egingo gara bizi dugun egoerara, gure baliabideekin, gure irudimenarekin, gure ahaleginarekin, eta, batez ere, gure burua eta besteena zaintzeko konpromiso sozial eta komunitarioarekin ", azaldu du Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak. "Konfinamenduan hainbat aste eman ostean, gure herritarrek merezi dutela uste dugu. Gure kaleak eta bihotzak pozez zipriztintzea merezi dugu. Eta egin egingo dugu, nahi dugulako, ahal dugulako eta komeni zaigulako ", gaineratu du.

 

Azaldu duenez, jai-egitaraua otsailetik itxita zegoen, eta Udalak hainbat ideia aztertu ditu dagoeneko. Orain, beste ekimen posible batzuk bildu nahi dira, ondoren, egoeraren eta osasun-segurtasun handiagoa bermatzeko ezarritako protokoloen arabera, jai-programa "desberdina, egoera berrietara egokitua eta, beti bezala, gure herriko eragileen parte-hartzearekin" egiteko.