AKTUALITATEA


| 2020-04-05 11:38:00

Aramaioko Udala herritarren sarearekin elkarlanean dago COVID19-k sortutako beharrei erantzuteko. Hogei bat lagunek osatzen dute sarea eta gazteek bultzatu zuten sare hori eta orain, talde feministarekin batera, zapi gorrien kanpaina abian jarri dute. Zapi gorriak jartzera leiho eta balkoietan animatu ditu Lierni Altuna Aramaio Alkateak jarrera epaitzaileak alde batera utziz eta elkartasuna eskaintzen duten etxeak ezagutaraziz. “Nik pertsonalki ez dut aparteko arazorik izan konfinamendua betearazteko lana dutenekin, baina benetan adierazi dezaket gure herrian nahiko zentzuz eta txintxo gabiltzala horretan, beraz mesedez eskatzen diet lan hori dutenei errespetuz eta zentzunaren barruan egiteko lan hori, egoera ez baita erreza inorentzako”, azaldu du Altunak.

Bestalde, beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzen ditu Aramaiko Udalak. Udalak  telefono bidezko zerbitzua ematen du, goizez 945 445016 zenbakian. Herriko dendariek orain arteko zerbitzua emanten jarraitzen dute, beti ere segurtasun neurriak mantenduta. Argi eta ur zerbitzua, normaltasunez ematen dira, baita hondakinen bilketa zerbitzua eta konpostarena ere.

Larrialdiak kudeatzeko ere protokolo dute. Gauzak horrela, auzoetan emergentzia kasuren bat gertatuz gero, auzo alkatearekin kontaktuan jartzea gomendatzen da, beraiek kudeatuko dutelako arazoa. Bestela emergentzia kasuren bat emanez gero eta nola jokatzeko zalantzarik izanez gero, boluntarioen sarearen bitartez kudeatu daiteke eta nagusi eta mendekotasun egoeran daudenei zerbitzua ematen zaie. Zerbitzua eskatzeko edo bolondres modura apuntatzeko, 649 995 751 telefonoa erabili behar da.

“Udalean ahal duguna egiten ari gara ur, hondakin, garbiketa eta argiaren zerbitzuak, orain arte bezala, ahalik eta ondoen ematen jarraitzeko, inguruak desinfektatzeko, seguruak diren lan batzuk aurreratzeko… Batzuk, etxetik; beste batzuk, txandaka; beste batzuk, kalean;... eta denok arrisku ikusezin baina latz honi ahalik eta seguruen eta hoberen erantzun eta ahal diogunari eusten gabiltza, denon artean honi ahalik eta hoberen buelta eman ahal izateko” laburbildu du Aramaioko Alkateak