AKTUALITATEA


| 2020-01-24 11:29:00

Arabako Parke Teknologikoko zuzendaritzak herrialdeko erakunde publikoei De Miguel auziaren ondorioei buruzko azalpenak ematea ukatu izana salatu du EH Bilduk. Euskal Herrian izan den ustelkeria kasu handiena izan da De Miguel auzia eta epaiaren nondik norakoak ezagutu ostean, Itziar Epalza eta Francisco Marquezen agerraldia eskatu zuen EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean. Hala ere, Arabako Teknologi Parkeko zuzendari nagusiak eta zuzendari kudeatzaileak uko egin diote azalpenak emateari, honako hau argudiatuz: "Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiak dagoeneko publiko egin dira erakundeetako ordezkarien agerraldien bidez".

 

EH Bilduren ustez, ordea, Arabako Parke Teknologikoko zuzendaritzak oraindik azalpen asko eman behar ditu. Nahiz eta egia den Stoarekin, parke teknologikoaren handitzearen enpresa esleipendunarekin zuen kontratua bertan behera utzi,  parke teknologikoaren zuzendaritzak, gaur egun oraindik ere, Koldo Otxandiano kondenatuak, parke teknologikoan lanean jarraitzen du. "Zigor epaia nahikoa izan da Stoarekin zuen kontratua bertan behera uzteko, baina, aldiz, ez da nahikoa ustelkeria kasu honetan inplikatuta dagoen eta tramaren burua den pertsona baten aurkako neurriak hartzeko. Horregatik este dugu parkeko zuzendaritzak azalpen asko dituela emateko", adierazi dute Kike Fdez de Pinedok eta Miren Larrionek, EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean dituen bozeramaileek, hurrenez hurren.

 

Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza parke teknologiko horren administrazio-kontseiluko kide dira eta 2008an instalazioak handitzea erabaki zuten. Stoa enpresari egindako esleipen baten bidez egin zuen hori, eta, epaian jasotzen denez, komisio bat ordaindu zuen lan horregatik. Epaia publiko egin baino hilabete gutxi batzuk lehenago, Arabako Teknologia Parkeak orain baliogabetutako kontratu hori berriz aktibatu zuen. "Uste dugu oraindik teknologia parkeak azalpen asko dituela, erakundeei ez ezik, herritarrei ere eskaintzeko", adierazi dute. Egoera honen aurrean, EH Bilduk euren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean.