AKTUALITATEA


| 2019-11-14 18:23:00

Arabako 20 udalerrietako ordezkariak bildu dira gaur Gasteizen politika feministetan sakontzeko. Behin azken hauteskunde zikloa amaituta, EH Bildu datozen urteotako estrategiak lantzen hasi da udalerriz udalerri. Politikagintza oinarritik lantzeko kultura abiapuntua izanda, herrietatik eta herritarrekin batera jorratu nahi ditu EH Bilduk estrategikoak diren ildoak. Horietako bat da feminismoa eta hori da, hain zuzen, gaurko mintegian hizpidea izan dute gaia. “Gure herri eta jendarteak demokratizatzeko ezinbestekoa da politika feministak garatzea eta, nola ez, ezinbestekoa dugun eraldaketa sozial horri feminismotik ekiteko estrategiak behar ditugu eta horiek lantzen ari gara gaur”, azaldu du Monika Plazaolak, EH Bilduko Politika Feministaren arduradunak.

Ez da ordea mintegi bakarra izango. Izan ere, datozen aste eta hilabeteotan bestelako mintegiak ere antolatuko dira, horien artean, larrialdi klimatikoari aurre egiteko estrategia edota euskara. “Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak eta bertan ditugun eskumenetatik abiatuta, gure herrietako bizitzak hobetzeko neurriak lantzeko konpromisoa dugu”, azaldu du Ruth Ibisatek, EH Bilduko Udalgintza arduradunak Araban.

Baina herrietako eragile eta herritarrekin batera jarduteko konpromiso irmoa du EH Bilduk gainera eta hori dela eta, datozen hilabeteotan, herriz herri eta gure hautetsi zein militanteekin batera, maila lokalean, udalgintzatik landu beharreko gaien ildo estrategikoak modu kolektiboan eraikitzen jarraituko du.