Araba

Albisteak

Araba gobernatzeko prest dagoela nabarmendu du EH Bilduk


Miren Larrion: “EH Bildu buru duen gobernu batek bakarrik aldatu dezake Gasteizko norabidea”

| 2019-05-12 13:38:00

Araba gobernatzeko moduan dagoela nabarmendu du gaur EH Bilduk. Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedoren ahotik esan du gaur goizean Gasteizen egin den Ekitaldi Nagusian. “Alfonso Alonsok ostiralean esan zuen bere helburu nagusia zela Araban EH Bildu ez gobernatzea. Lehen gogoeta: Alonsok informazio ona dauka, EH Bildu Araba gobernatzeko moduan dagoela baieztatzen duelako. Bigarren gogoeta: PPren helburuak izan ziren ere Maroto alkatea izatea duela lau urte eta Madrilgo diputatu egitea duela bi aste. Ematen du euren helburuak lortzeko ez dabiltzala oso fin…  eta esaerak dioen moduan “No hay dos sin tres”, ohartarazi du EH Bilduko hautagaiak.

 

Zentzu horretan, Fdez de Pinedok ziklo aldaketaren aldeko apustua egin du “klientelismoa, botere ekonomikoen menpekotasuna eta zentralizazioa uzteko”. Horren ordez, gobernantza “irekia, parte-hartzailea eta behetik gorakoa” bultzatu nahi du EH Bilduk herrien eskumenak errespetatuz. Era berean, “ziklo aldaketa” aldarrikatu du “Araba ondo doala entzuteari uzteko”, hori esaten duten bitartean zerbitzu sozialetan soldata miserableak kobratzea baimentzen dutelako eta ezinbestekoa delako horri buelta ematea eta kalitatezko zerbitzu sozialak bermatzea.

 

Bestalde, Gasteizko alkategaia Miren Larrionek nabarmendu du soilik EH Bildu buru duen gobernu batek aldatu dezakela Gasteizko norabidea. “Azken legealdietan gobernuan egon direnen eskutik, hiri hau atzean gelditzen joan da. Orain da unea erabakia hartzeko. Erabakitzeko gainbehera honekin konformatuko garen edo hiri eredu berri baterantz aurrera pausu bat eman nahi dugun. Feminismoarekin plazak eta kaleak bete dituen hiria, pentsionistekin, LOMCEren aurka, martxoaren 3ko biktimekin edo eskubide berdintasunarekin kaleak bete dituen Gasteiz horrek hartu behar du erabakia. EH Bildu buru duen gobernu batek bakarrik aldatu dezake Gasteizko norabidea, hiri honek duen potentzial osoarekin”, aipatu du Larrionek.

Azkenik, Xabi Valdor Sobronek azken hamarkadetako gazteriaren ekarpena balioan jarri du. “Asko daukagu aurreko belaunaldietatik ikasteko, baina gu ez gara iraganean iltzaturik geratzeko intentziorik, gu etorkizunaren nostalgikoak gara. Memoriarekin bai, baina aurrera egiteko irrikitan gaude. Sarritan esaten digute gazteria etorkizuna garela eta gure momentua biharmunean iritsiko dela. Gazteok ordea, etorkizuna izateaz aparte oraina ere bagara eta Araban ematen ari den aldaketa sakona instituzioetara eramango dituen bulkadak izango gara”, esan du Valdorrek.