Erabaki BAIETZ!

Matute: “Subiranisten elkarlanak eta indar metaketak bakarrik ekidin dezake Sanchez eskuinaren besoetan erortzea”

Bizkaiko zerrendaburuak ohartarazi du Pedro Sanchezek eta PSOEk kontrarreforma antidemokratikoaren bidea hartu nahi dutela, eta azpimarratu du hori galarazteko ezinbestekoa dela subiranistak hauteskundeetatik indartsu baino indartsuago ateratzea, Gobernua baldintzatu ahal izateko.

| 2019-11-02 20:51:00

Oskar Matute eta Iñaki Ruiz de Pinedo, EH Bilduko Bizkaiko eta Arabako zerrendaburuak, hurrenez hurren, Laudion izan dira gaur eguerdian, hauteskunde kanpainaren baitan koalizioak Araban egin duen lehendabiziko ekitaldi nazionalean. Matutek duela egun gutxi batzuk Llotja de Marreko manifestuan argi irudikatu zen subiranisten elkarlanaren eta indar metaketaren garrantzia azpimarratu du, “horrek bakarrik ekidin dezakeelako Pedro Sanchez eskuinaren besoetara erortzea, kontrarreforma autoritarioan sakontzeko”. Honen ildotik, erantsi du Bizkaiko zerrendaburuak, “subiranistek baldintzatutako gobernu batek bakarrik egingo du ezinezko eskuinaren eta Estatuko botereen nahiak eta desioak gauzatzea”.

Ohartarazi duenez, Sanchezek bazter utzi du apirileko hauteskundeetako kanpainan zabaldu zuen mezu, ustez, berritzailea eta “gaur betiko PSOE” baino ez du ordezkatzen. “Sanchezek eta Estatuko botereek iraganerako bidaia batean sartu nahi gaituzte, ez dute nahi gizarte eta herri hobeak eraiki ahal izateko Kataluniak eta Euskal Herriak autodeterminazio eskubide demokratikoa praktikan jartzea”, baina “horren guztiaren aurrean Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko eta Galiziako subiranisten elkarlana dago, oinarrizko balio demokratikoen defentsarako indar metaketa dago, hauteskunde hauetan autoritarismoaren eta demokraziaren arteko partida jokatzen delako”.

Matutek gogora ekarri du gaur Pedro Sanchez bera dagoela Euskal Herrian, “baina gaur ezin izango du kontatu oraingoan bai, oraingoan ados jarriko dela Podemosekin”. Izan ere, “gaur ez dator aurreko hauteskunde kanpainako mezuarekin, ez, PSOE berrituko zuelako mezu hura bidean galdu zelako, eta gaur egun Sanchez betiko PSOE delako eta betiko PSOE ordezkatzen duelako”.

“Sanchezek argi utzi zuen hauteskundeak deitu zituenean: ez du nahi indar subiranistek baldintzatuko gobernu bat, Espainiako Estatuak bizi duen egiturazko krisia konpontzeko duen soluzioa kontrarreforma antidemokratikoa delako, eta, jakina, ekuazio horretan ez gara sartzen independentistak, eta Podemos ere ez. Estatuko botereen nahia eta borondatea kontrarreforman sakontzea da, eta horretarako alderdi handien arteko Estatu itunak behar dituzte”. Hortaz, berretsi du Matutek, kontrarreforma hori galarazteko modu bakarra subiranistak hauteskundeetatik indartsu baino indartsuago ateratzea da, Madrilgo Gobernua baldintzatu ahal izateko.

 

Iñaki Ruiz de Pinedo: “Araban, edo EH Bildu edo PP, edo demokrazia edo inboluzioa”

Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako zerrendaburuak ere kontrarreforma demokratikoaren arriskuez ohartarazi du Laudion, mehatxu horri aurre egiteko borrokan Araban bereziki “asko dugulako jokoan hauteskunde hauetan”. Horren ildotik azaldu duenez, “Araban aukerak argiak dira: edo EH Bilduk lortzen du ordezkaritza edo, bestela, PPk lortuko du. Demokrazia edo inboluzio antidemokratikoa, eskubideak edo murrizketak, hori da jokoan dagoena”. Hori dela eta, “aurrerakoiak eta ezkerrekoak sentitzen diren eta balio demokratikoetan sinesten duten arabarrei” EH Bildu bozkatzera deitu die, “EH Bildu delako aukerarik onena, ondoen ordezkatuko dituena eta, gainera, PP eta Espainiako eskuina ordezkaririk gabe utziko dituena”.

Horri jarraituz, Ruiz de Pinedok aipatu du gaur Pablo Casado PPko buruzagia Araban dagoela “gu guztioi inposatu nahi diguten inboluzio antidemokratikoaren errezeta azaltzeko”. Horren aurrean, baina, “euskal gizarteak azaroaren 10ean aukera izango du apirileko hauteskundeetan eman zuen lezioa berriz ere errepikatzeko eta Espainiako eskuina berriz ere ordezkaririk gabe uzteko. Berriz ere aukera izango dugu Casado eta enparauei esateko euskal gizarteak ez duela nahi ez inboluziorik ez murrizketarik, herritar guztien eskubideak errespetatuko diren gizarte demokratiko batean bizi nahi dugula”.

Ruiz de Pinedo: “Espainiako Estatutik heltzen diren injustiziei erantzuteko aukera dira hauteskunde hauek”

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Kongresurako eta Senaturako hautagai nagusiak bildu ditu EH Bilduk, gaur goizean, Iruñean.

| 2019-10-31 16:01:00

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Kongresurako eta Senaturako hautagai nagusiak bildu ditu EH Bilduk, gaur goizean, Iruñean. Iñaki Ruiz de Pinedo Kongresurako Arabako hautagaiak esan duenez, “ilusioz beterik” heltzen dio EH Bilduk azaroak 10eko hauteskundeei. “Aukera bat dira euskal gizartearentzat, Espainiako Estatutik heltzen zaizkigun injustiziei erantzuteko aukera dira hauteskunde hauek. Altsasuko gazteen egoeraz edota espetxean dituzten Kataluniako ordezkari politiko eta sozial independentistez ari gara, besteak beste. Egiturazko krisi latz batean murgilduta dago Espainiako Estatua, eta injustiziak eta inboluzio antidemokratikoa dira bere erantzuna”. Zentzu horretan gaineratu duenez, “Espainiako Estatutik heltzen zaizkigun injustiziei erantzuteko, inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriko ezker subiranistak ahots indartsua izatea Madrilen”

“Egoera honen aurrean, Espainiako Estatuko subiranistekin elkarlanean aritzeko gai den ahots subiranista behar du euskal gizarteak Madrilen, Kataluniako eta Galiziako subiranistekin eskuz esku aritzeko gai izango dena”, esan du Ruiz de Pinedok. “Hori EH Bilduk egin dezake bakarrik. Hauteskunde hauetan EH Bilduk talde sendoa dauka hemengo herritarron eskubideak Madrilen bertan defendatzeko eta haien aldeko lanean aritzeko.

 

Pozueta: “Ez gaituzte entzun nahi Madrilen, baina entzungo gaituzte”

Bel Pozueta Kongresurako Nafarroako hautaiak, bere aldetik, azaldu du Nafarroan erronka handia duela ezker subiranistak: Kongresuan eserleku bat lortzea. “Badakigu apirileko hauteskundeetan hortxe geratu ginela. 408 bozetara. Kanpaina honetan erronka honi ekingo diogu, parlamentaria izateko aukera errealak ditugulako. Are gehiago, eremu euskaldun, feminista, soberanista eta ezkerrekoa ordezkatzeko aukera bakarra gurea delako. Apaltasun osoz esaten dugu, baina determinazio osoz ere bai”.

“Gaur gauean hasiko den hauteskunde kanpaina honetan argi utzi nahi dugu Kongresuan eta Senatuan ez gintuztela entzun nahi, baina argi daukagu, entzun, entzungo gaituztela. Are gehiago, gure jardueraren bidez, herritarron interesen eta beharrak aintzat hartuz, aurrera eginen dugu”, nabarmendu du Pozuetak.


 

ALBISTEAK

Bideguren: “Hemengo alderdiei emandako botoek bakarrik defenditzen dituzte euskal herritarren interesak”

2019-11-07 16:00:00

Senataria EH Bilduko alkate eta zinegotziekin batzartu da Bilbon eta “Estatu espainolaren asmo birzentralizatzailea ase ezina” salatu du. “EH Bilduren botoa da Estatutik datozen erasoen aurrean euskal herritarrak babesten dituena”.

Oskar Matute: “Subiranistak gara presidenteak jarri eta kentzen ditugunok”

2019-11-07 15:15:00

Bizkaiko zerrendaburuaren esanetan, “PSOEk Franco desobiratu du eta orain Aznar berpiztu nahi du, Sanchezek eskuina programa politikoa erosi baitu, webguneak ixteko turkiar erako dekretuarekin erakutsi duenez”.

Otegi: “Sanchezen turkiar erako dekretazoari botoekin erantzuteko aukera izango dute euskal gazteek igandean”

2019-11-06 16:00:00

Hauteskundeak Estatu espainoletik datozen injustiziei, Altsasukoa kasu, aurre egiteko baliatzeko eskatu die EH Bilduko koordinatzaile nagusiak UPNAn bildutako gazteei, “etxean geratzen den boto bakoitza eskuinera baitoa”.

Arnaldo Otegi: “Frankismoarekin amaitzeko gai den bakarra subiranisten arteko elkarlana da”

2019-11-06 09:00:00

“Espainiako alderdi handiek Vox markako politika egitea eta inboluzio antidemokratikoaren bidea hartzea erabaki dute”, ohartarazi du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Gasteizen, atzoko debatearen ostean.