Mugimenduak Hezkuntza arloan, ehunka irakaslek itxaroten ari diren Lan Eskaintza Publikoaren inguruan. Adolfo Araiz eta Miren Aranoak prentsaurrekoa eman dute, egonkortasuna eta sistema publikoaren aldeko jarrera azpimarratzeko “EH Bilduk argi ta garbi esan nahi du, ez dugula irakaslegoa eta hezkuntza sistema publikoaren oraina eta etorkizunarekin merkadeoan aritu nahi. Hezkuntza departamentuak hasiera batean egindako proposamenak irizpide teknikoak eta kalitatezko zerbitzu bat emateko dauden beharrak kontutan hartuz egin zen. Horixe da, EH Bilduk babesten duen proposamena” adierazi du Adolfo Araiz parlamentuko bozeramaleak.

“Izan diren proposamen guztien artean, irizpide teknikoak erabili dituen proposamen bakarra, Hezkuntza departamentuak egindako proposamenarena da” azaldu du Miren Aranoak, hezkuntza arloko arduradunak, “Jaso dugun azken proposamenak, bi denboratako LEP-a proposatzen du, inoiz egin ez den planteamendua, hezkuntza antolakundean ondorio larriak izanen lukeena. Irakaslegoaren ordezkari sindikal nagusiek, onartu ez duten proposamena”.

“Azken planteamendu honek ere, datorren urtean PAI-rendako plazak ateratzea aurreikusten du. Honen aurrean EH Bilduk bi zalantza azaldu nahi ditu. Oraindik ere PAI programa, balorazio fasean dago, beraz ezin dugu onartu, legitimitatea eta etorkizun egonkorra emanen dion proposamenik. Beste alde batetik, ezin dugu ahaztu, Madrilgo Gobernuak une honetan ez duela onartzen ingelesezko irakasle plazak ateratzerik, beraz eskaintza guztian kolokan geratuko litzake eta plaza hoiek galtzeko arriskua legoke. Arduragabekeri handiegia litzateke. Azken proposamen honek ez du argitzen gainera, nondik aterako lirateken plaza hoiek... bigarren hezkunztakoetatik? Euskarazko plazakoetatik?” galdetu du Miren Aranoak.

EH bilduk gainera zerrenda bakarraren alde egiten jarraitzen du, “zerrenda bakarrak, urtetako lan eskubideen urraketarekin bukatu nahi du. Izan ere irakasle elebidunek, plaza kopuru txikietara mugatuta baitzuten lan eskaintza, beste zerrendetan egoteko aukerarik izan gabe, baldintzak betetzen zituzten arren” azaldu du Miren Aranoak.

“Arduraz jokatu behar da kasu honetan eta ezin da ezbaian jarri ehunka irakaslek itxaroten duten Lan Eskaintza, irakurketa politiko eta partidistengatik. Ezin gara astero astero, erabakia atzeratzen aritu” bukatu du Adolfok.