Eskuin muturra eta Estatuko funtzionarioen indarkeriak eragindako biktimen legea bertan behera utzi du espainiako Epaitegi Gorenak. EH Bilduren iritziz, erabaki politiko onartezin baten aurrean gaude. Pasa den astean, hain zuzen, EH Bilduk lege honen kontra estatuak jarrita zituen helegiteak kentzeko eskaria erregistratu zuen parlamentuan, biktima guztien aitortza ahalbidetzeko.

Lege hau bertan behera uztea larria da hainbat arrazoiengatik:
Alde batetik, gure autogobernuaren kontrako eraso berri baten aurrean gaudelako. Gure erabakiak hartu eta behar ditugun legeak onartzeko dugun eskubidea ukatzen digu beste behin ere Estatuak, Madrilgo epaitegiak erabiliz Nafarroako gehiengoak erabakitakoaren kontra.

Bestetik, Estatuak estalita eta isilpean mantendu nahi duen biktima talde batendako aitortza eta erreparazioa suposatzen zuen legea delako bertan behera geratu dena. Estatuko aparatuek eragindako biktimak, alfonbra azpian estalita mantendu nahi dituzte, German Rodriguez, Gladys del Estal, Mikel Zabalza eta inposatu nahi duten errelatoan tokirik ez duten pertsonen kasu.

Ezagutu den sententziak beste behin ere estatuko indarkeria babestu eta irteerarik gabeko kalezuloan uzten ditu biktimak. Espainiar estatuak eta bere justiziak argitu nahi izan ez dituzten kasuak ikertu nahi dituzten batzorte eta eragileak bertan behera uzteak, eskuak lotuta uzten ditu urteetan justizia bila dabiltzan biktimak.

Zentzu honetan, deigarriak dira sententzia honen aurrean kontrako Iritzia azaldu duten Epaitegi Konstituzionalaren 5 epaileen boto partikularrak. Hauek, egiaren batzorde eta eragileen lana guztiz baliagarria eta justizia arloaren bateragarriak direla esaten dute, Estatuak estali nahi dituen kasuak ikertze aldera.

Egoera honen aurrean, biktima hauen aitortza eta erreparaziorako beharrezkoak diren neurriak martxan jartzeko pausuak eman daitezela eskatuko du EH Bilduk.