1978ko Sanferminetan gertatutakoa salatuz beren balkoietan pankartak jarri zituzten Iruñeko bizilagunen kontrako polizi operazioaren kontrako mozioa erregistratu egin du EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan. Bakartxo Ruiz parlamentariak sinatutako ekimenak jazarpen poliziala eta Gobernu Ordezkaritzak emandako azalpenak arbuiatzen ditu eta Espainiako Gobernuari eskatzen dio, Iruñearen kontrako eraso horretan gertatutakoa azaldu dadin dagoen gehiengo politiko eta soziala entzun dezala. Azkenik, Ruizek gogoratu egin du, oraindik ere espainiar estatutak geldirik duela Eskuin muturra eta estatuko funtzionarioen ekintzen biktimen aitortzarako foru legea. “Errekurtso hau altxatuko balitz, German Rodriguez bezalako biktimek aitortza eta justizia gertuago izanen lukete” adierazi du Bakartxo Ruizek.

Aurten 40 urte bete dira 1978ko Sanferminetako gertakari larrietatik. Espainiako poliziak tiroka erasotu zituen hiriko festak eta hiritarrak, hildako bat, 10 pertsona bala zauriekin, beste 170 zauritu,… hala eta guztiz ere, ez da inolako ardurarik onartu gertatutakoaren ostean, inor ez da akusatuen eserlekuan eseri, inork ez du azalpenik eman. Aurten Nafarroako Parlamentuaren gehiengo zabalak, gertakizun hauek argitzeko pausuak eman zitzala eskatu zion espainiar Gobernuari. Diputatuen Kongresuan ordea, PP, PSOE eta Ciudadanosek beren bozkak batu zituzten, garaiko dokumentuak argitara ateratzeko eskakizuna atzera bueltatzeko.

Polikita arloko ekimena, herritarren nahien isla izan da. Aurten, inoiz baino gehiago, justizia, aitortza eta egia aldarrikapenak biderkatu egin dira. SanFerminetan, Iruñeko hamaika balkoietan aldarrikapen hauek eta 78ko sanferminetako salaketa azaltzen zuten pankartak jarri zituzten bizilagunek. Espainiako poliziaren erantzuna, pertsona hauen kontra egitea izan da, estatuaren kontrako kalumniak leporatuz. Espainiako Gobernu ordezkari berriak, polizi jazarpen hau bermatu egin du prentsa ohar baten bidez, balkoietako pankartek, “Poliziaren kontrako leporatze, salaketa eta gorrotorako kanpaina antolatu” bat zirela adieraziz. Demokrazia eta adierazpen askatasunaren ikuspuntutik, erabat onartezina iruditzen zaio EH Bilduri jazarpen guzti hau.

Azkenik, EH Bilduk gogorarazi nahi du, Espainiako Gobernuak salatuta, Epaitegi Konstituzionalak bertan behera utzi duela behin betikoz, 16/2015 apirilaren 10eko Foru Legea, Eskuin muturreko eta Estatuko Funtzionarioen biktimen aitortza ezartzen zuen araua. Egia, justizia eta erreparazioan aurrera egitea helburu zuen arauak, beste biktimekin gertatu bezala bainan Espainiako Gobernuak bertan behera utzi nahi izan du. German Rodriguez bezalako biktimek, beharrezkoa duten aitortza izan dezaten, errekurtsoa hau kentzea eskatu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari.