Gaur egun, Nafarroako Administrazio Publikoan euskarazko plaza duen funtzionario batek ezin du gaztelaniazko beste lanpostu batetara joateko aukerarik. Legez ukatua du aukera hori. Nafarroako EH Bilduk diskriminazio horrekin bukatzeko Lege proposamena aurkeztu du Parlamentuan. Gaur egun Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginaren 33. Artikuloak argi uzten du: “hautapen probak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako edozeinetan, euskaraz edo Europar Batasuneko edozein hizkuntza jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek, aurrerago, beren administrazio publikoan hutsik dauden eta hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak betetzeko deialdian baizik ez dute parte hartu ahal izan”. Puntu hau, 2008an gehitu zuen UPN-k, bere politika baztertzailearen eredu.

Bidegabekeria nabarmen baten aurrean gaude, beste bat” salatu du EH Bilduko parlamentaria den Dabid Anautek, “langile jakin batzuei lanpostu berri bat eskuratzea galarazten baitie, lanpostu hori betetzeko eska litezkeen baldintza guztiak bete arren, soilik euskaraz badakitelako. Ez dago inolako justifikaziorik eskubideetan horrelako murrizketa bat egiteko, eta ez dago inolako arrazoi objektiborik langile publiko jakin batzuei lanpostu batzuk eskuratzea galarazteko. Hizkuntz diskriminazio argia da”.

EH Bilduk Lege Proposamena egin du, 33.artikulo horren bigarren puntua aldatzeko, honako testuarekin: “Hautapen probak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako edozeinetan, euskaraz edo Europar Batasuneko edozein hizkuntza jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek, aurrerago, beren administrazio publikoan hutsik dauden lanpostuak betetzeko deialdi guztietan parte hartu ahal izanen dute”.