Konstituzio erreformaren danbor hotsekin bete zaigu astea.

Bere federalismo horrekin etorri zaigu Pedro Sanchez jauna. Espainiako bandera erraldoia soilik falta izan zitzaion Espainiaren batasuna Bilbotik bertatik aldarrikatu zuenean. Izaera nazionala barik, izaera kulturala duen lurraldea omen gara Idoia mendia anderearentzat.

Bitartean, hor ari zaio Eusko Alderdi Jeltzalea Sanchez eta bere enparauei gorteiatzen. Arrak emeari bezala. Baina funtsean, jeltzaleak eurek dira Espainiaz seduziturik daudenak. Gaur egun petrolio sektore espainiarraren patronaleko burua den Josu Jon Imazen hitzak datozkit burura.

Eta bien bitartean, bere bakardade horretan, zauriturik dagoen piztia basatia bailitzan, hor dugu Alderdi Popularra kontrraerreforman urratsak eman eta eman. Batzutan, indarrean dagoen marko juridiko-politikoari dagozkion legeetan batik bat, PSOEren laguntza ere badu Rajoy jaunak. Helburua, dagoena indartu eta etor litekeenari mugak jartzea.

Eta zehatz mehatz honetaz guztiaz zer uste duen argi eta garbi esaten ez duenik ere bada. Hori bai, egunek aurrera egin ahala, zalantzak uxatuz doaz. Eta batzutan, historia errepikatzen ez ote den susmoa ere badugu. Adi izango gaituzte.

Hemendik eta hauteskundeetara maiz entzungo ditugu balizko erreforma konstituzionalari buruzko adierazpenak. Gu, eztabaidan izango gara.

Eta inork zalantzarik izan ez dezan, gure herriari herri gisa dagozkion eskubide guztiak aitortuko ez dizkion proposamen orok aurrean izango gaitu. Prozesu eraitzaileak... ez bat, bi eta hiru eta lau baizik.

Eztabaida hasi besterik ez da egin.