Horrela joan zaigu astea. Athletic eta Bartzelonazaleen txistuen oihartzuna baretu gabe zegoenean, berriz ere euskal herritarren atxiloaldiko inkomunikazio egoerak eta Iñaki Goioaga gure kidea inputatzeko ahaleginak titular batzuk eraman dituzte.

Askotan pentsatu izan dugu Espainiako gobernuak, Alderdi Popularrak eta PSOEk berak ere txistuak merezi dituztela. Ez edozergaitik, esan eta egiten dutenagatik, baizik.

Espainiako Errege Koparen finalean Camp Nou futbol zelaian zeuden ehun mila ikusleek Euskal Herria eta Kataluniako milioika herritarron sentimenduak azalaratu zituzten. Ozen gainera. Felipek eta Espainiako ereserkiak merezitako txistualdia jaso zuten. Eta horrek, zeharo haserrerazi zituen espainiar nazionalistak, ezker, zentro eta eskuinekoak.

Athletic eta Bartzelonazaleen jarrera, partida aurretik, zein partidan zehar, eredugarria izan bazen ere, PPk eta PSOEk ahotsa altxa eta espainiarren aurkako gorrotoa sustatzea leporatu zieten han izan ziren ehun mila zaleei. Entzun beharrekoak! 364 egunez gu geu garen bezalakoak izatea ukatzen digutenak kasketa harrapatu dute, egun batez, euskaldunek eta kataluniarrek zilegitasun osoz, era baketsu eta demokratikoan, euren haserrea txistuen bidez adierazi zutelako.

Benetan, ondo merezitako txistuak jaso zituzten.

Eta asteartean ere, gustora egingo geniekeen txistu. Izan ere, Prozedura Kriminalaren Lege berriari aurkezturiko emendakinak eztabaidatu ziren justizia batzordean. Guk hiru emendakin aurkeztu ditugu. Funtsean, atxilotuen inkomunikazio egoera ahalbidetzen duten artikuluen indargabetzea eskatu dugu.

PP, PSOE eta beste batzuei ere, bost axola inkomunikazioaren gaia. Beraiei ardura zaiena, ustelkeria auzietan zipriztindutako politikarien atxiloketak ezin grabatu eta beraz, telebistaz ez ematea. Errugabetasun printzipioa bermatu bermatu nahi omen dute. Inputatuen ohorea babestu, “Telediarioek” ez diezaieten epaiketa egin aurretik zigorrik ezarri. Horrekin datoz orain, azken hamarkadetan euskal herritarren atxiloketak telebista kateek minutuz minutu transmititu dutenean. Eta noski, epaiketarik egin aurretik, kriminalizatuak, zigortuak eta espetxeratuak izan direnan.

Honetan ere, txistuak merezi dituzte PPk eta PSOEk. Eta besteren batek ere bai.

Eta astea bukatzeko, Iñaki Goioaga gure kide eta senataria inputatzeko Audientzia Nazionaleko Eloy Velaskok Epaitegi Gorenera igorritako eskaria dugu. Aurretik ere, hiru aldiz saiatu izan dira Goioaga inputatzen, arrazoi beragatik gainera. Hori bai, horietan guztietan kargurik gabe libre utzi dute Barakaldoko gure kidea.

Espainiako justizia sistemaren independentzia maila agerian geratu da. Beste behin. Eskandalu juridiko honen atzean gatazkari buruzko eztabaida politiko eta soziala saihestu nahia dagoela esan dugu. Eta esaten jarraituko dugu. Moncloan badakite arrazoia geurea dela.

Honetan ere, txistuak merezi dituzte. Zalantzarik ez izan.

Txistuak, inkomunikazioa eta inputazioa. Horrela joan zaigu beste aste bat Madrilen.