Azken egun hauetan bi porrot jaso ditu Alderdi Popularrak. Hauteskundeetan bata, Euskal Herriaren bake eta normalizazio prozesuan, bestea.

Lehena ezaguna da gutziontzat. Boto galera izugarria izan du PPk estatu osoan, baina Euskal Herrian bereziki. Gurean, Gasteizen salbu, ia desagertzeraino.

Porrota, ordea, ez dute ondo digeritu Fragaren oinordekoek, eta ume apetatsuak bailiran kasketa harrapatu dute batzuen eta besteen kontrako astakeriak jaurtiz. Gure kasuan, Nafarroako emaitzek oihartzuna izan dute Espainiako Kongresuan. Nafarroako Konbenioaren testu berriaren berrespenari buruzko eztabaidan, UPNko Casimiro bezain ipurterre azaldu zen Lapazaran (PP) jauna. Kristonak eta bi esan zizkigun. Nafarroa desagerraraziko dugula esateraino. 1936an bezala, ez dakitela galtzen erakutsi dute oraingoan ere.

Bigarren porrota, ordea, ezezaguna egingo zaie herritar gehienei. Kontua da, Euskal Herriko bakearen eta elkarbizitzaren aldeko ETA eta GALen biktimen arteko topaketak Kongresuan egitea debekatu zuela joan den astean Alderdi Popularrak.

Justifikaezina hartutako erabakia, kontuan harturik, aurretiaz, Kongresuko Mahaiak berak baimendutako topaketak zirela. Iraganari nostalgiaz begiratzen diola erakutsi du beste behin ere Rajoyren alderdiak.

Baina tira, Kongresutik kanpo bada ere, Vallecasko San Borromeo parrokiak antolaturiko topaketak egin dira. Arrakasta handiz gainera. CCOO sindikatuaren egoitzan izan gara bateko eta besteko biktimekin, elkarbizitza nola eraiki eztabaidatuz. Gauza asko esan dira bertan. Batzuen eta besteen sufrimendua, ETAk eta estatuak eragindako mina, presoak, tortura...

PP eta PSOE (honek ere debekuaren alde bozkatu zuen) bakarrik geratu dira babes zabala lortu duen ekitaldiaren aurrean. Iraganeko jarrera eta inertziek mendekuaren zoramenera daramatzate Ferraz eta Genova, eta gezurra badirudi ere, Madrilen bertan gero eta gehiago dira horretaz ohartzen direnak.

Topaketen oihartzuna isildu nahian edo batek daki, joan den igandeko hauteskunde emaitzen harira sortutako giroa zapuztu nahian, atxiloketa gehiago burutu ditu poliziak. Miarritzen oraingoan.

Galtzaile txarrak dira.