Espainiar politikarien ustelkeria eta politika beraren erabilera ez-etikoagatik sortutako hamaikagarren polemikak astindu du aste honetan herrialde hartako Diputatuen Kongresua.

Bertako prentsak argitara eman duenez, Alderdi Popularreko bi goi kargu ezagunek, bata diputatu ohia eta bestea diputatua, eraikuntza alorreko enpresengandik dirua jaso zuten herritarren ordezkari ziren garaian. Hautsak arrotu ditu informazio horrek.

Hala ere, eskandalagarria dena salatu ordez, zer eta jarduera ez-etiko horri hauspoa eman dio Fraga Iribarnek sortutako alderdi politikoak. Sektore pribatuarekiko diputatuen bateragarritasunak handitzeko proposamena egin du Alderdi Popularrak. Edo beraiek dioten bezala, bateraezintasunak "malgutu" nahi dituzte diputatuek euren lanpostua galdu ez dezaten.

Polemika honen harira, Iñaki Antiguedad gure kidearen kasua gogoratu dugu. Hark uko egin zion Kongresuko soldatari eta unibertsitatekoarekin soilik jarraitzeko hautua hartu zuen. Hala ere, unibertsitateko bere lana diputatu izaerarekin bateraezina zela iritzi zioten Behe Ganberako letratuek. Kongresutik bota zuten Iñaki.

Federico Trillok, diputatu zela, 400.000 milatik gora euro jaso omen zituen enpresa pribatu batetik eta Martinez Pujalte, egun diputatu denak, 75.000 mila. Jakina da ere bai, diputatu askok sektore pribatuan dituzten dirutza handiko interesak. Horietako asko gainera, enpresa handietako akziodunak ere badira. Eta diputatu izaerarekin bateragarria omen da hori.

Baina, astakeria ez da horretan lotu. Kaka sakabanatu asmoz edo, komunikabide batzuk "plurilana" omen duten diputatuen zerrenda argitaratu dute eta, hara non, gure Onintza Enbeita agertu den. Bertsolaria dela eta "plurilanpetua" omen dago Muxikako gure laguna. Inolako lotsarik gabe gure Onintza, Trillo, Pujalte eta jendaila horrekin parekatu nahi izan dute. Batzuk, bizkarra bezain handia dute aurpegia.

Tira, honek guztiak Espainiako politikagintzaren maila erakusten digu. Kontua da konponbiderik gabeko jendaila horrek ez gaitzala zulora eraman.

Gure bideari ekiteko arrazoien zerrendari beste bat gehitu diogu aste honetan.