Marian Beitalarrangoitia EH Bilduko diputatuak esan du bere indar politikoa “ondo baino hobeto prestatatua” dagoela Espainiako estatuko Kongresurako eta Senaturako hauteskundeei aurre egiteko. Madrilgo Kongresuan egindako adierazpenetan gaineratu duenez, EH Bilduren apustua da “Madrilen errespetatzea Euskal Herrian hartutako erabakiak”.

Zentzu horretan, EH Bilduk eragingo dituen arloak zeintzuk izango diren azaldu du. “Alde batetik, Euskal Herria erabakitzeko ahalmena daukan esparru bezala errespetatzea. Asko aurreratu beharra daukagu herritarren beharrei erantzuteko, bai bakegintzaren arloan eta baita erabakitzeko eskubidearen arloan. Politika sozialen eta ekonomikoen arloei dagokionez, 180 graduko bira egin beharra dago, pertsonen beharrei erantzungo dien gizarte justuagoa lortu nahi badugu”.

Hurrengo hauteskundeen aurrerapenari dagokionean, Beitalarrangoitiak esan du EH Bilduk esana zeukala aspalditik egoera hau gerta zitekeela. “Egoera honek erakusten du Espainiako estatuko politikagintzan blokeo egoera dagoela, estatuko lau alderdi handienak ez direla gai izan akordiorik ixteko eta, horrenbestez, egoera honek erakusten du lau alderdi horiek porrot egin dutela”. Gaineratu duenez, “azken hilabete hauetan ikusi da alderdi horiek beraien interes partikularrak lehenetsi dituztela herritarren interes eta behar errealak lehenetsi beharrean”.

Beitialarrangoitiak azpimarratu du Espainiako estatuan ez dagoela baldintza errealik “Euskal Herriko herritarrek behar duten aldaketa erreal eta demokratikoa gauzatzeko. “Gobernua osatzeko akordioa egiteko gai ez badira izan, are eta zailagoa izango da oinarri demokratikoen gainean eraikiko diren sakoneko aldaketak egin ahal izateko akordioak erdiestea”.

@ehbilducongreso