Espainiako Gobernuak atzo iragarri zuen Legebiltzarrean gehiengoz onartutako frackingaren legearen aurkako helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean eta, aldi berean, atzo jakin genuen Espainiako Gobernuak administrazio helegitea aurkeztu duela 2014/2015 eta 2015/2016 ikasturteetan EAEn hezkuntza arloan emandako bekei. Aurretik, duela aste batzuk, EAEko Etxebizitza Legearen aurkako errekurtsoa ere aurkeztu zuen.“Euskal herritarren oinarrizko eskubideen aurka egiten ari dira Madrildik”, adierazi dute Marian Beitialarrangoitia diputatuak eta Dani Maeztu legebiltzarkideak, gaur goizean, Donostian egindako agerraldian.

EH Bilduko bozeramaileek agertu dutenez, “behin behinean ari den Espainiako gobernuaren azken ministroen kontseiluetatik euskal gizartearen aurkako gerra adierazpen politikoak baino ez dira ateratzen”.

“Herritarren borondateari dioten mespretxua agerian uzteaz gainera, Espainiako Gobernuak erakutsi du ezin dela garatu justizia sozialean eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako proiektu burujaberik Espainiako Konstituzioak ezarritako marko legalaren barruan. Erakutsi digu herri honetako instituzioek ezin dutela bermatu herritarrentzako ongizate eta ingurumen egokirik”, esan dute Beitialarrangoitiak eta Maeztuk. “Arlo politikoan eta sozialean mendekoak izaten jarraitzea nahi dutela agerian utzi du”, aipatu dute.

“Espainiako estatua tematua dago euskal herritarrok ez erabakitzeko zeintzuk izan behar diren gure soldatak eta langileon lan baldintzak, ez erabakitzeko lan eskaintza publikorik eta bekarik, ez etxebizitza arloan eta frackingaren aurka hartu beharreko neurrietan. Baina gu ere tematuta gaude erabakitzeko eskubidea izan behar dela gizarte ereduaren oinarria, dena aldatu ahal izateko, erabaki nahi dugu”, nabarmendu dute.

Behin eta berriro errepikatzen diren erasoen aurrean, erantzuna ez dagoela Madrilen azpimarratu dute EH Bilduko ordezkariek. “Ez da Madrilera begira jarri behar zapalketa hau geldiarazi nahi bada. Eraso honi eman beharreko erantzun sozial eta instituzionala Euskal Herrian bertan artikulatu beharra daukagu”.
Beitialarrangoitiak eta Maeztuk agertu dutenez, “gai izan behar gara euskal gizarteari erakusteko Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoak hartutako erabakiak bete egin behar direla. Eta euskal instituzioak euskal gizartearen borondatearen menpe daudela”.

Era horretara, euskal herritarren erabakitzeko gaitasuna defendatzen duten gainontzeko indar politiko eta sozialekin batera agenda bateratua osatzeko eta eragile horiekin guztiekin elkarlanean aritzeko borondatea azaltzen dute EH Bilduko ordezkariek, “euskal gizarteak hartutako erabakiak errespetatu eta praktikan jar daitezen, Madrildik datozen beto eta inposizio guztien gainetik”.

@ehbilducongreso