Diputatu subiranistak argi utzi du “zutik dirauela aurreko legealdian PPk onartu zituen lege atzerakoi, errepresibo, antisozial eta eskubide politiko eta zibilak urratzen zituztenak indargabetzeko konpromisoa”.

Ildo horretan, Marian Beitialarrangoitiak Mozal Legea indargabetzeko eskatuz barne gaietarako batzordean ERCk aurkezturiko ekimenari babesa adierazi dio. “Lege horren helburu bakarra protesta soziala kriminalizatu eta zigortzea da”, esan du.

Bizi osorako espetxe zigorra

Beitialarrangoitiak babesa adierazi dio ere bai justizia batzordean ERCk aurkeztu duen “bizi osorako espetxe zigorra” indargabetzeko legez besteko proposamenari. “PPren beste basakeria bat da erreforma hori”, esan du euskal diputatuak.

LOMCE

Gaurko osoko bilkuran eztabaidatuko den LOMCEri buruzko PSOEren Lege Proposamenaz, aldiz, kritiko hitz egin du Beitialarrangoitiak. “Joan den legealdian hartutako konpromisoari bizkarra eman dio PSOEk eta indargabetzea albo batera utziz gelditzeaz hitz egiten du orain”, salatu du diputatu subiranistak. Horrezaz gain, Euskal Herriko hezkuntza komunitatea LOMCEren aurka azaldu dela gogoratu du EH Bilduko diputatuak

@ehbilducongreso