Koalizio subiranistaren ustez, “euskal gizartearen beharrei erantzuteko, kudeaketa gertukoa izan behar da eta benetako beharrei buruzko erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, ez Madrilen”. Beitialarrangoitiak salatu duenez, Espainiako Gobernuaren kudeaketak “arrisku etengabean jartzen du herritarren bizitza”.

Koalizio subiranistak honako trenbide hauen kudeaketa Gasteizko eta Iruñeko gobernuen esku geratzea nahi du: Irun eta Brinkola artekoa (Gipuzkoan), hurrenez hurren Bilbo Santurtzirekin, Muskizekin eta Urduñarekin lotzen duten C1, C2 eta C3 lineak eta Arabako nahiz Nafarroako lurraldea zeharkatzen duten guztiak. “Trenbide horien azpiegitura guztia zaharkituta geratu da, baina gauza bera esan genezake ADIFen, RENFEren eta FEVEren linea guztiez”, adierazi du Marian Beitialarrangoitia diputatuak.

Haren ustez, “azken hamarkadetan, azpiegitura horiek hobetzea ez da lehentasuna izan haien ardura zutenentzat” eta, gainera, “trenbideok urrundik eta inolako interesik gabe kudeatutako zerbitzua izan dira”. Haren iritziz, “kasu batzuetan, milaka pertsonak egunero erabiltzen dituzten zerbitzuak diren arren, ez ADIFek, ez RENFEk, ez Espainiako Sustapen Ministerioak ia ez dute inolako hobekuntzarik egin azken hamarkada hauetan, beste lehentasun batzuk zituztelako; beste kasu batzuzetan, eta erabateko utzikeria horren ondorioz, inbertsio handirik egin gabe eta lur gehiagorik okupatu beharrik gabe milaka pertsonari zerbitzua egin liezaiekeen trenbide azpiegitura hori erabat abandonatuta eta gutxiegi erabilita dago”.

Horrez gain, euskal diputatuak “segurtasun falta” azpimarratu du. Haren ustez, “segurtasun faltaren arazoa ez da geltokien egoerara mugatzen eta are kezkagarriagoa da trenbide pasaguneei dagokienez. Gaur egun, istripu larriak eragiten dituzte eta segurtasunik gabeko guneak dira”.

Era berean, Beitialarrangoitiak adierazi duenez, “euskal gizartearen beharrei erantzuteko, kudeaketa gertukoa izan behar da eta benetako beharrei buruzko erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, ez Madrilen”.

Legez besteko proposamena dagokion batzordean nahiz osoko bilkuran eztabaidatzeko erregistratu da eta bi puntu ditu. Lehen puntuan, EAEko eta NFEko trenbide sareetan hobekuntzak egiteko eskatzen zaio gobernuari, segurtasun neurrien arloan batez ere eta erabiltzaile guztien irisgarritasuna bermatzeko helburuarekin. Bigarren puntuan, berriz, Hego Euskal Herriko lau lurraldeak zeharkatzen dituzten trenbideen kudeaketa Gasteizko eta Iruñeko gobernuen esku uzteko eskatzen zaio Espainiako Gobernuari.

@ehbilducongreso