Gaur, koalizio subiranistak Kolonbiako bake prozesuari buruzko legez besteko proposamen bat erregistratu du Kongresuan eta eduki bera duen mozioa Senatuan.

Legez besteko proposamenak bederatzi puntu ditu eta, besteak beste, EH Bilduk Rajoyren gobernuari eskatzen dio aintzat har ditzala “hala Kolonbiako Gobernuak nola gerrilla taldeek erakutsitako pertseberantzia eta ahalegin politiko handia eta biktimen erakundeek nahiz mugimendu sozialek jokatu duten paper garrantzitsua, jarrera antagonikoak hurbiltzea eta bake negoziazioek aurrera egitea ahalbidetu duen konpromiso eremu bat sortzea lortu baitute”.

Koalizioaren proposamenak beste eskaera bat ere egiten dio Madrilgo gobernuari: “Kolonbiako Gobernuak eta FARCek Habanan eratu duten elkarrizketa mahaiari emandako babesa berrestea”.

Marian Beitialarrangoitia diputatuak nabarmendu du oso “garrantzitsua” dela “Europatik Kolonbiako bake prozesua sustatzea, hainbat hamarkadatan zehar hain sufrimendu handia eragin duten gatazka armatuek gogor kolpatutako herrialde horretan bake justua eta iraunkorra lortzen laguntzeko”.

Halaber, hala Bogotako gobernua nola FARC eta ELN bake prozesua aurrera eramateko erakusten ari diren “ardura” eta “ausardia” nabarmendu ditu diputatu subiranistak. Haren iritziz, orain arte lortutako akordioak, hala nola “Bakerako Jurisdikzio Berezia” eta “Gatazkaren biktimei buruzko akordioa”, “Alvaro Uribe buru duten sektore erreakzionarioen gainetik Kolonbian egiten ari den bake apustuaren adibide argiak dira”. “Inolako zalantzarik gabe, Rajoyk badu zer ikasia Santos presidentearengandik”, adierazi du Marian Beitialarrangotia diputatuak.

EH Bilduk Kongresuan erregistratu du legez besteko proposamena, Atzerri Gaietarako batzordeetan eztabaida dadin. Senatuan aldiz, mozioa aurkeztu du, hau ere Atzerri Gaietarako batzordean eztabaida dadin.

@ehbilducongreso