Urte askoz, Espainiako segurtasun indarretako eta beste kolektibo batzuetako kideek soldataren osagarriak jaso dituzte EAEn eta Nafarroan destinatuta egoteagatik.

Marian Beitialarrangoitia diputatuak gogorarazi duenez, horretarako erabiltzen ziren arrazoiak “nabarmen aldatu dira azken urteotan, baina, guk dakigula behintzat, diru kopuru horiek ordaintzeari dagokionez ez da inolako aldaketarik egon”.

Horregatik, diputatu subiranistak galdera sorta bat aurkeztu du “arrisku plusei” buruzko informazioa jasotzeko asmoz.

Besteak beste, EH Bilduk jakin nahi du gaur egun zenbat funtzionariok kobratzen dituzten arrisku plusak (edo lurralde plusak) nahiz bestelako pizgarri ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroako Foru Erkidegoan. Gainera, euskal diputatuak galdetu du zenbat diru erabili den horretarako 2012tik hona.

Halaber, EH Bilduko diputatuak jakin nahi du ea 2011n ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenez geroztik kolektiboren bati horrelako plusak kendu zaizkion edo soldataren osagarri hori kenduko zaion eta etorkizunean horrelako pizgarriak erabat desagerrarazteko asmorik dagoen.

Azkenik, Beitialarrangoitiak jakin nahi du ea, ordaintzen zaizkien diru kopuru horiez gain, EAEn edo Nafarroan destinatutako funtzionarioek bestelako abantailak edo pizgarriak dituzten, hala nola egun libreak, esaterako.

@ehbilducongreso