Beitialarrangoitiaren arabera bi aukera daude Espainiako Konstituzioaren mugak gainditzeko: “Eskoziako prozesuaren antzeko bat sustatuko lukeen gehiengo demokratiko bat eratzea itxarotea, edo eta gure bide propioa egitea”.

Marian Beitialarrangoitiaren arabera, “herritarren gehiengoak erabakitzen duena errespetatzea da demokraziaren funtsa. Ez gehiago ezta gutxiago”. Eta gehitu du “ez dagoela hau baino printzipio demokratikoagorik eta beraz, hauxe behar luke alderdi politiko ororen abiapuntu eta helmuga”.



EH Bilduko diputatuak esan duenez, duela 38 urte trantsizioa delakoa frankismoaren zutabeetan oinarritu zutenek eta Galizia, Katalunia eta Euskal Herriari aukerari “ateak itxi” zizkietenek, estatu krisi honen aurrean “orain arteko erantzun bera” baino ez dute ematen; “legearen mehatxupean herri hauei erabakitzeko eskubidea ukatzea, alegia”. Diputatu subiranistaren hitzetan, “Espainiako Konstituzioa, jaio zen egun beretik, oinarrizko eskubideen bermea izan baino herri borondatearen espetxea da”.

Ildo horretan, EH Bilduk bi aukera daudela uste du: “Eskoziako prozesuaren antzeko bat sustatuko lukeen gehiengo demokratiko bat eratzea itxarotea, edo eta gure bide propioa egitea”.

Beitialarrangoitiak koalizio subiranistaren babes osoa eskaini dio Kataluniako herriari. “EH Bildu zuen aliatua izango da”, esan du.

Euskal diputatuak iragarri duenez, EH Bilduk ezezkoa emango die PP eta Ciudadanosen proposamenei.

@ehbilducongreso