Europako Batzordeak Josu Juaristi eurodiputatuari emandako erantzunari segida emanez, idatzizko galderak egin dizkio koalizio subiranistak PPren gobernuari. Europako Batzordeak Juaristiri emandako erantzunak dio “kontuan hartzen duela Erabaki Markoa Espainiako ordenamendu juridikora txertatzeko gehitu dizkioten xedapenei buruzko jakinarazpenik bidali ez izana”.

Horregatik, Marian Beitialarrangoitia diputatuak Rajoyren gobernuari galdetu dio zergatik ez dion Europako Batzordeari 7/2014 Lege Organikoaren berri eman.

Kontua da, Lege Organiko horrek bere egiten duela Europako Erabaki Markoa, baina atzerrian beteriko zigorrak pilatzeko onarpena baztertuz. Horren helburua, Beitialarrangotiak salatu duenez, “Frantziako estatuan euskal presoek beteriko zigorrak ez pilatzea da”.

Beste alde batetik, EH Bilduk jakin nahi du 7/2014 Lege Organikoa Europako Batzordeari ez jakinaraztearen arrazoiaren atzean zigorren pilatzeari buruzko zatia baztertzeko erabakia ote dagoen.

Azkenik, preso asko kaleratuko lituzkeen Erabaki Markoa bete baino Europako Batasunaren zigorra jasotzea nahiago duen galdetu dio koalizio subiranistak Espainiako gobernuari.

Marian Beitialarrangoitiaren arabera “beste estatuetan beteriko zigorrak ez pilatzeak egoera horretan dauden presoen eskubideen urraketa eta ezarritako zigorraren luzapena dakar”.

@ehbilducongreso