Koalizio subiranistak eskua luzatu du berriz ere “benetako aldaketa egin eta estatua demokratizatzea posible izan dadin”.

EH Bilduk eskua luzatu die estatuko indar politiko aurrerakoi eta ezkertiarrei. “Benetako aldaketarako aukerarik badago elkarlanean aritzeko prest gaude”, esan du Marian Beitialarrangoitiak. Ildo horretan, diputatu subiranistak “ezkerrera egiteko” eskatu dio PSOEri. “Ezkerretara jo eta politika anti-neoliberalak egiteko aukera du oraindik”, esan du.

Hala ere, euskal diputatua kexu agertu da “PSOE koalizio handiaren aldeko apustua egiten ari delako”. Eta hori, bere esanetan, “ez da justizia sozialeranzko urratsak emateko behar duguna”. Bere ustez, “politika anti-neoliberalen aurka dauden alderdi politikoak elkarlanean aritu beharko lirateke”.

Podemos

Kazetarien galderei erantzunez, EH Bilduko diputatuak esan du “ez zaiela harrigarria egiten Podemoseko buruzagiek esatea espainiar sentitzen direla, azken finean, beraiek hasieratik aurkeztu direlako estatuko indar modura eta Espainiaren batasunaren berme modura”. Beitialarrangoitiak gehitu du, Podemos erabakitzeko eskubidearen alde baldin badago, “hori egikaritzeko proposamena egin eta defendatu dezala, bestela ez dela posible izango”.

Ildo horretan, euskal diputatuak adierazi du, “erabakitze eskubidea egikaritzea posible ez balitz, eta ikusten da gehiengorik ez dagoela (Espainian) horren alde, esaten dieguna da aztertu ditzatela beste bide batzuk benetan erabakitze eskubidea gauzatu ahal izango den”.

@ehbilducongreso