Koalizio subiranistak salatu du Erdoganen gobernuak erosten dituen armak kurduen aurka erabiliko direla.

Espainiako Gobernuari zuzendutako galdera sorta bat aurkeztu du EH Bilduk, bi kontu salatuz: Turkiari armak saltzea baimentzen duela eta Erdoganen gobernuak erosten dituen arma horiek kurduen aurka erabiliko direla.

Koalizio subiranistak PPren gobernuari gogorarazi dionez, ekainaren 7ko hauteskundeen ondoren Turkiak oldarraldi autoritario eta errepresibo bat abiatu zuen Kurdistango populazio zibilaren aurka. “Kurduen eskubide zibil eta politikoak oso era kezkagarrian murriztu dira”, adierazi du Marian Beitialarrangoitia diputatuak. Ildo horretan, EH Bilduk salatu du azken hilabeteotan Turkiako armadak hainbat hiri setiatu eta zibil kurdu asko kanporatu eta erail dituela.

Gainera, EH Bilduk adierazi du EBko Estatu kideak ez direla betetzen ari Batasunak berak EBko kide izan nahi duen eta lehentasunezko bazkidea den Estatu horri dagokionez ezarri dituen printzipioak.

Hori guztia dela eta, koalizioak Espainiako gobernuari galdetu dio ea baduen Turkiako agintariak Kurdistanen egiten diren giza eskubideen urraketen berri.

Halaber, gobernuari galdetu dio ea Ipar Kurdistanen bake egonkorra eta iraunkorra lortzera bideratutako ekimenen bat bultzatuko duen EBren barruan.

Bestetik, Marian Beitialarrangoitia diputatuak jakin nahi du gobernuak zergatik baimentzen duen Turkiari armak saltzea.

Azkenik, EH Bilduk Rajoyren gobernuari galdetu dio ea Turkiaren kontrako neurri diplomatikorik hartuko duen Estatu horrek kurduen giza eskubideak etengabe urratzen dituelako.

@ehbilducongreso