EH Bilduren ustez, Sanchezek ez du “benetako aldaketa sakonik nahi”.

Beitialarrangoitiak Sanchezi: “Bihartik aurrera ezkerreko baloreetara itzuli eta demokrazia legearen gainetik jartzeko bigarren aukera duzu. Etzazula alperrik galdu!”



Koalizio subiranistak gogor kritikatu du PSOEren “gainbehera antisoziala” eta azken hamarkadetan eskubide sozialen alorrean izan den atzeranzko joeraren erantzule jo du. Beitialarrangoitiak Sanchezi gogorarazi dio erreformak 80.ko hamarkadan hasi zirela.

“Nahiz eta PPk onarturiko lege injustu guztiak indargabetu, eta Ciudadanosekin adostutako akordioa ikusirik, seguru gaude ez dela horrela izango, langile borrokari esker lorturiko eskubide eta ongizate mailara iristetik urrun geundeke”, esan dio.

Bere esanetan, Sanchezek eskaintzen duena “ez da benetako aldaketa sakona, ez du justizia sozialeranzko bidea eskaintzen”. Diputatu subiranistaren arabera Sanchezek nahi duena da “herritarrak aldaketa txikiekin konformatzea”, eta gehitu du “azken hamarkadetako politika eta neurri sozioekonomikoek gizartean sortutako hausturak errotiko aldaketak behar dituela”.

Espainiaren batasuna eta koalizio handia

Euskal diputatuak esan du Pedro Sanchezek ez dituela herritarrak entzun nahi eta ez diela Euskal Herriaren aldarrikapenei kasurik egin nahi ere. Bere ustez “demokrazia nahia horren aurrean, akordioaren sinatzaileak eta PP bera ere, 78ko espiritua berreskuratzeko ahaleginetan ari dira”.

Beitialarrangoitiaren arabera, “hori da hain zuzen, hiru alderdiak batzen dituen elementu nagusia”, eta gehitu du “inork ez lukeela harritu behar herritarren ongizatearen gainetik Espainiaren batasuna jarriko balute koalizio handi bat martxan jarriz”.

Ildo horretan, EH Bilduk gogoratu du Nafarroan eta EAEn sozialistek eta popularrek eskutik hartuta gobernatu dutela helburu berarekin: “Espainiaren batasuna, inposizioa eta ukazioa”.

“Bihartik aurrera Sanchez jauna, ezkerreko baloreetara itzultzeko bigarren aukera duzu. Etzazula alperrik galdu!” esan dio Marian Beitialarrangoitiak.

EH Bilduk ezezko botoa eman du Pedro Sanchezen bigarren inbestidura saioan ere.

@ehbilducongreso