Joan den legealdian hartutako konpromisoak albo batera utzi izana leporatu dio koalizio subiranistak PSOEri eta besteak beste, lan erreformaren indargabetzea exijitu du.

Marian Beitialarrangoitiaren arabera, “indargabetzea zioen lekuan, orain, gelditzea, aztertzea eta aldatzea dio”.

EH Bilduk salatu duenez, soilik “Espainiaren batasunaz eta galiziar, kataluniar eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea ukatzeaz hitz egiten dute argi”.



 

Marian Beitialarrangoitiak adierazi du Pedro Sanchezen planteamenduek “benetako aldaketatik urrundu egiten gaituztela eta funtsean, lehengo lepotik burua baino ez direla”. Diputatu subiranistaren arabera, “PSOEk sinestarazi nahi digu Ciudadanosekin adosturiko testuak idatzita ez dagoena dakarrela bere baitan”.

Ildo horretan, lan erreformaren derogazioaren konpromisoa non geratu den galdetu du EH Bilduko diputatuak eta Sanchezi leporatu dio “bizi dugun egoera aurreko legealdiaren ondorioz soilik dela sinestarazi nahi izana, benetan, langileen eskubideen aurkako erasoak 80.ko hamarkadan hasi zirenean”.

Diputatu subiranistak herritarren eta langileen eskubideei “eraso egiten dieten” legeen berehalako indargabetzea eskatu du eta hainbat aipatu ditu gainera, hala nola, lan erreforma, mozal legea, pentsioen erreforma, farmazia produktuen berrordainketa, abortoaren legea, LOMCE, bizi osorako espetxealdia edo eta atzerritartasun lega.

Beitialarrangoitiak esan du Espainiako estatuan aldaketa benetakoa izan dadin, ezinbestekoa dela estaturik gabeko nazioen aitortza, salbuespen politiken eta espetxe politikaren behin betiko indargabetzea eta azken urteetan herritarrei lapurturiko lan eta eskubide sozialak berriz ere indarrean jartzea”.

Erabakitzeko eskubidea

Beitialarrangoitiaren arabera “erabakitzeko eskubidearen alorrean soilik hitz egiten dute argi, hau da, galiziarren, kataluniarren eta euskal herritarren aldarrikapenei erantzun bakarra eman diete: ezezko borobila”.

Bere ustez, “PSOEk erantzun bera eman nahi du nahiz eta jakin Espainiaren batasuna porrotara bideratua dagoen”.

Diputatu subiranistak Sanchezi zuzenduz bukatu du bere hitzartzea: “etzazuela gure botorik espero gure herriaren izaera ukatzen duzuen artean, edo eta jendea pobreziara kondenatzen duzuen bitartean, edo eta pribilegiatu eta boteretsuenen interesak defendatzen dituzuen artean. Azken finean, denak orain arte bezala jarrai dezan”.



@ehbilducongreso