EH Bilduren lehentasuna da “euskal herritarren agenda” beste indar politiko batzuekin batera sustatzea Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Koalizio subiranistaren nahia da Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarren interesen defentsan lau indar politikoen arteko elkarlanean lehen urratsa izatea gaurkoa.

Egun historikoa izan da gaurkoa Madrilgo Diputatuen Kongresuan. EH Bilduk, Podemosek, UPk eta EAJk legez besteko proposamen bateratua aurkeztu dute Nafarroako 17 lege eta arauren aurka Konstituzio Epaitegian Espainiako gobernuak aurkezturiko helegiteak bertan behera utz ditzala eskatzeko.

Batera eginiko prentsaurrekoan, lau indar politikoetako bozemaileek ekimen horren garrantzia nabrmendu dute. Koalizio subiranistaren izenean, Marian Beitialarrangoitiak adierazi du legez besteko proposamenak aipatzen dituen lege eta arauek, arlo sozialekoak horietako asko eta asko, “herritarren eguneroko bizitzari eragiten diotela”. Bide batez, argi utzi nahi izan du, “fiskalitatea, merkataritza, ingurumena, etxebizitza eskubidea, osasuna, biktimen erreparazioa eta administrazio publikoarekin loturiko legeen aurkako helegiteak aurkeztu dituela Espainiako gobernuak”. Diputatu subiranistak nabarmendu duenez, horietako askok Nafarroako Foru Erkidegoak dituen eskuduntzei eragiten die “zuzen zuzenean”.

Beitialarrangoitiak salatu duenez, “Espainiako gobernuaren jarrera onartezina da Nafarroako gehiengo sozial eta politikoaren aurkako eraso zuzena delako. Are gehiago, ohartarazi duenez, nahiz eta helegite gehienak joan den legealdian aurkeztu zituen PPren gobernuak, ez dirudi oraingoan ere, jarreraz aldatuko duenik, izan ere, duela gutxi bi foru arau errekurritu baititu”. Ildo horretan, diputatu subiranistak gogoratu duenez, joan den astean EAEko Ahalduntze Legearen aurkako txostenak igorri zizkion Espainiako gobernuak Eusko Jaurlaritzari.

Horrezaz gain, EH Bilduko diputatuaren hitzetan, lau indar politikoek aurkezturiko ekimenaren bitartez Nafarroako Parlamentuak askotan egindako salaketarekin “bat egin nahi dute” eta horregatik Kongresuari ere, “jarrera bera azaldu dezala” proposatzen diote. Baina ekimenaren zioa harago ere badoala onartu du Beitialarrangoitiak. ”Konstituzio Epaitegian aurkezturiko helegiteen indargabetzea eskatzearekin batera, azken ebazpenaren zain dauden helegiteak ere bertan behera uzteko eskaria egin eta etorkizunean Nafarroako erakundeek hartuko dituzten erabakiak errespetatzeko exijentzia egiten dute Nafarroako “aldaketaren” lau indar politikoek ”, esan du.

Euskal diputatuak adierazi duenez, EH Bilduren lehentasuna da “euskal herritarren agenda” beste indar politiko batzuekin batera sustatzea Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Horregatik, Beitialarrangoitia gustora agertu da lau alderdiek aurkezturiko ekimen bateratuarekin. “Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarren interesen defentsan lau indar politikoen elkarlanean gaurkoa lehen urratsa izateko itxaropena” agertu du diputatu subiranistak.

@ehbilducongreso