Koalizio subiranistak gatazketatik ihesi laguntzarik gabe datozen adin txikikoen desagerpenari buruzko hainbat galdera egin dizkio idatziz Espainiako gobernuari. EH Bilduk gogoratu duenez, adin txikiko horiek guztiak asilo eskatzaile potentzialak dira.

Modu horretara, Marian Beitialarrangoitia diputatuak EUROPOLek zehaztutako 10.000 adin txikikoen desagerpenez interesa agertu du. Bere ustez, Europako Polizia Bulegoak (EUROPOL) zabaldutako informazioa egia balitz, “oso gertaera larri baten aurrean geundeke besteak beste, Europako Batasuna eta berau osatzen duten estatuak desagerpen horien erantzule zuzenak liratekeelako”. Ildo horretan, diputatu gipuzkoarrak adierazi du “gatazketatik ihesi helduen laguntzarik gabe Europara datozen adin txikikoak ahultasun handiarekin datozela eta mafien esku erortzeko arrisku handia dutela”.

Hain zuzen, EH Bilduk jakin nahi du Espainiako estatura iristen diren adin txikikoak babesteko zer nolako neurriak hartuko dituen gobernuak eta ildo beretik, helduen laguntzarik gabe iristen diren adin txikikoak babesteko Europako gainontzeko estatuekin koordinazio sistemarik sustatuko duen ala ez.

Beste alde batetik, adin txikiko horiek guztiak identifikatzeko sistemez galdetu dio ere bai Beitialarrangotiak Espainiako gobernuari. Eta horrezaz gain, koalizio subiranistak jakin nahi du zer nolako prozedura darabilen gobernua adin txikikoak euren senideekin batzeko.

Azkenik, 2011tik Espainiako estatura helduen laguntzarik gabe iritsi diren adin txikikoen kopuruaz galdetu du EH Bilduk.

@ehbilducongreso