Otsailaren 27an 40 urte beteko dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa eratu zenetik. Egun batzuk lehenago, Espainiako Estatuak Mendebaldeko Saharatik alde egin zuen, lurralde hori bere patuaren menpe utziz. Lau hamarkada geroago, Mendebaldeko Saharak deskolonizatu gabeko Lurralde Ez Autonomoa izaten jarraitzen du. Hori guztia dela eta, EH Bilduk legez besteko proposamen bi aurkeztu ditu Diputatuen Kongresuan, dagokion batzordean nahiz osoko bilkuran eztabaidatuak eta bozkatuak izan daitezen.

Koalizio subiranistak aurkeztu duen legez besteko proposamenak 5 puntu ditu, eta honako eskaera hauek egiten dizkio Espainiako Gobernuari: bere ardura betez, Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesua burutzea; deskolonizazioari eta Lurralde Ez Autonomoei buruzko Nazio Batuen doktrina betetzea (2525 ebazpena); MINURSOri Saharako biztanleen eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak babesteko eta sustatzeko eskumenak emateko eskatzea; SEADen aitorpen diplomatikoa egitea; eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak Espainiako estatuan daukan ordezkaritzari Misio Diplomatikoaren estatusa ematea.

Onintza Enbeita diputatuak gogorarazi duenez, 40 urte geroago “Saharako herriak okupazioa eta giza eskubideen urraketa etengabea pairatzen jarraitzen du Marokoren aldetik”. Ildo horretan, diputatu subiranistak azpimarratu du “deskolonizazioaren arloko ardura nagusia Nazio Batuei eta haren Estatu kideei” dagokiela eta, Nazio Batuen Sortze Gutunaren arabera, “behin betiko konponbide justu bat bilatzeko goren mailako ardura Segurtasun Kontseiluari” dagokiola. Enbeitak oso gogor kritikatu du PPren gobernuaren pasibotasuna, gaur egun Espainiako Estatua Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide ez iraunkorra baita.

@ehbilducongreso