Loiuko aireportuaren ordutegiaren balizko luzapenaz idatzizko hainbat galdera egin dizkio koalizio subiranistak Espainiako gobernuari.

Lehenik eta behin, EH Bilduk jakin nahi du erabakirik hartuta dagoen ala ez, eta hartuta balego, zein zentzutan hartu duen. Hala ere, erabakirik hartuta ez balego oraindik, Bizkaiko erakunde eta eskualdeko udalerriekin adostasunera iristeko asmorik izango lukeen galdetu du Marian Beitialarrangoitia diputatuak.

AENAri dagokionez, Loiuko aireportuaren ordutegiaren balizko luzapena zein irizpideren arabera egingo lukeen jakin nahi du EH Bilduk. Era berean, ordutegiaren luzapen horrek ingurumenean eragingo lukeen kalteez txostenik egin duen galdetu dio Beitialarrangoitiak.

Koalizio subiranistak jakin nahi duen beste datu bat da, gaueko ordutegiko hegaldien zaratari dagokionean Loiuko aireportuak murrizketarik duen ala ez.

Azkenik, AENA Loiuko Aireportuko eta inguruko erakundeetako arduradunekin eta eragile ekonomiko, sozial eta instituzionalekin harremanetan jarri den jakin nahi du ere bai Beitialarrangoitiak.

Bere esanetan, “agerikoa” da gaueko hegaldiek Txorierriko milaka herritarren bizi kalitatean izango duen eragina. Horregatik guztiagatik, inolako erabakirik hartu aurretik eskualdeko udalerri eta herritarren iritzia kontuan hartu dezala eskatu die diputatu subiranistak Espainiako gobernuari eta AENA erakundeari.

@ehbilducongreso