Gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igotzeko eskatuz legez besteko proposamena aurkeztu du gaur koalizio subiranistak. Pobreziaren mugatik behera pentsiorik egon ez dadila proposatu du EH Bilduk. Europako Batasunaren arabera, pobreziaren muga inguruko langileen bataz besteko soldataren %60arekiko kalkulatu beharra dago. Eta Europako Karta Sozialak (Espainiako estatuak sinatu du) dio Lan arteko Gutxieneko Soldatak (SMI) bataz besteko soldataren %60 izan behar duela. Hego Euskal Herriaren kasuan, neurri hori 1.080 eurokoa da.

Era berean, segurantza sozialari dagozkion eskuduntza guztiak Euskal Herrira itzultzea eskatu du euskal koalizioak. Ildo horretan, segurantza soziala eta pentsioak bezalako gaietan euskal esparrua izatearen beharra ere nabarmendu du.

Komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan, Euskal Herriak bere errealitate sozial eta laboralari erantzungo dion lan arloko eta segurantza sozialaren esparru propioa izatearen garrantzia nabarmendu du Marian Beitialarrangoitia diputatuak. “Euskal Herriko gehiengo sozial, sindikal eta politikoa segurantza sozial esparru propioa nahi du, baina gure herritik harago ere, estatuan inork ezin du pentsio duinik gabe geratu”, esan du EH Bilduko diputatuak.

Gaur bertan aurkezturiko proposamenak dio “ez dela krisi ekonomikoa soilik pentsio sisteman ematen ari den defizitaren arrazoia, are gehiago, Alderdi Popularraren politika ekonomiko eta soziala da faktore nagusia”EH Bilduren ustez. Koalizio subiranistak gogor kritikatu du gastu soziala defizit publikoa gutxitzeko helburuen menpe egotea. “Abiapuntuak ezin du izan segurantza sozialaren kutxaren hustutzea izan. Austeritate politikek porrot egin dute. Enplegua sortzera bideraturiko politikak behar ditugu. Pentsioak bermatu behar ditugu eta inolaz ere zalantzan jarri”, esan du Beitialarrangotiak.

Horregatik, PPren politikekin zerikusirik ez duten neurriak martxan jartzearen beharra nabarmendu du EH Bilduk. “Sistemak diru sarrerak handitu behar ditu gaur egungo zerbitzu maila eta kopurua ez soilik mantentzeko, handitzeko baizik”, esan du Beitialarrangoitiak. Ildo horretan, EH Bilduko diputatuak gogoratu duenez, Europako Batasunarekin alderatuta bost puntu baxuagoa da pentsioen gastua Espainiako estatuan.

Bere esanetan, azken urteetan “BPGren pastelaren banaketa enpresa errenten aldekoa izan da lan errenten kaltetan”. Koalizio subiranistaren sutez, desdoitze hori errentaren birbanaketaren bitartez orekatu beharra dago desberdintasun sozialak handitu dituen bilakaerari buelta emateko.

EH Bilduk gogoratu duenez, nahiz eta gaur egun Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian bataz besteko pentsioak 1.050 eurokoak izan, pentsiodunen %70ek 1.000 euro baino gutxiago jasotzen dute eta %47k 150 eta 650 euro artean baino ez. “Europako Batasuneko irizpideak ezarriko bagenitu, pentsioak 1.080 eurokoak izango lirateke”, esan du Marian Beitialarrangotiak.

@ehbilducongreso