Attachments:
Download this file (PNL-GAROÑA-EHBILDU.pdf)Legez besteko Proposamena - Garoña [ ] 218 kB

Gaur, koalizio subiranistak bere lehen ekimena erregistratu du Espainiako Parlamentuan. Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra eraisteko prozesua “lehenbailehen” abiatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Dagokion batzordean nahiz osoko bilkuran eztabaidatzeko aurkeztu den legez besteko proposamenak lau puntu ditu. Lehen puntuan, EH Bilduk jarduneko gobernuari eskatzen dio zentralaren etorkizunari buruzko erabaki atzeraezinik ez hartzeko eta, beraz, zentralaren ustiapena berritzeko edozein prozesu geldiaraz dezala.

Proposamenaren bigarren puntuan, gobernuari eskatzen dio azken hamarkadetan Euskal Herriko gizartearen nahiz instituzioen aldetik egin diren hamarnaka eskaerak aintzat hartzeko eta zentral atomikoa “erabat eta behin betiko” desegiteko prozesua ahalik eta lasterren abia dezala.

Hirugarren puntua Garoñako Zentral Nuklearra Eraisteko Prozesuaren Segimendurako Erakunde arteko Batzordeari buruzkoa da. Gobernuak batzorde hori sortzen laguntzea eta bertan parte hartzea proposatzen du koalizio subiranistak, betiere Arabako Batzar Nagusiek 2013ko urtarrilaren 21ean onartutako mozioan jasotzen diren terminoetan.

Azkenik, euskal koalizioak erregistratutako ekimenak Espainiako Gobernuari eskatzen dio beharrezkoak diren neurriak har ditzala zentral nuklearraren jardueraren amaierak kaltetutako eskualdeen berrindustrializazioa urgentziaz bultzatzeko.

“Ingurumen, energia, osasun eta euskal erakunde eta herritarren borondatea errespetatzeari buruzko ekimena da”, esan du Onintza Enbeitak. Ildo horretan, diputatu subiranistak adierazi du “funtziotan den gobernu batek edo etor litekeen beste batek ezin dutela Garoña berriz irekitzeko erabakirik hartu besteak beste, horrek aurrekaria sortuko lukeelako estatuan zehar barreiaturik dauden gainontzeko zentral nuklearrei begira, horrek ekar dezakeenarekin. Jendearen osasunarekin jokatzen ari dira”.

@ehbilducongreso