Argi dauka Kongresuan EH Bilduren bozemailea denak: “talde parlamentarioa ukatzeko erabakia politikoa da”. Bere ustez, “gustatzen ez zaizkien alderdi politikoen ahotsa isilarazteko helburu garbia dute” eta salatu duenez “PP eta Ciudadanosek botoek eman ez dieten gehiengoa lortu dute Kongresuko Mahaian”.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Marian Beitialarrangotiak adierazi du ERCk, UPk eta EH Bilduk aurkezturiko proposamenak “baldintza guzti guztiak betetzen zituela”. “Legeari iruzurrik egitekotan, beraiek egin dute”, esan du.

Diputatu subiranistak onartu duenez “presentzia, informaziorako erraztasun eta interbentzioetarako denbora gehiago izatea” zen EH Bilduren helburua. Hala ere, argi utzi nahi izan du “oztopoen gainetik koalizioaren bi ahotsek indar eta grina handiagoz jardungo dutela”.

Elkarrizketarako prest

Beitialarrangoitiaren arabera “nahi duten guztiekin elkarrizketarako prest dago EH Bildu”. Eta zehaztu du “mahaian jartzen diren edukien arabera alderdi politiko ezberdinen arteko bateratzea eta elkarlana posible izango dela”.

Bere esanetan, “koalizioaren hiru ardatzekin bat egiten duten proposamenek, alegia, burujabetza, gatazkaren ondorioak eta justizia sozialean oinarrituriko bestelako eredu sozioekonomikoarekin bat egiten duten proposamenek, EH Bildu eta beste indar politiko batzuen arteko elkarlana posible egingo dute”.

@ehbilducongreso