Marian Beitialarrangoitia eta Onintza Enbeita diputatuek adierazi dute EH Bildu ez dela joango bihar Felipe VI.a Espainiako erregearekin zeukan audientziara

EH Bildu ez da Felipe VI.a Espainiako erregearekin bihar zeukan audientziara joango. Horixe iragarri dute Marian Beitialarrangoitia eta Onintza Enbeita EH Bilduko diputatuek, gaur goizean, Donostian egindako agerraldian.

Kongresurako eta Senaturako hauteskundeen osteko kontaktu erronda egiten ari da Felipe VI.a talde parlamentario guztietako ordezkariekin. EH Bilduk biharko dauka hitzordua jarrita, baina ez joatea erabaki du. Beitialarrangoitiak eta Enbeitak esan dutenez, monarkiaren instituzioa Espainiar Estatuaren “izaera antidemokratikoaren ikur gorena” da. “Garai ilunen berme. Juan Carlos I.a, Felipe VI.a... izan diren eta izango diren Espainiar Erregeek funtzio eta zeregin garbia dute: Estatuko herriei beren etorkizuna libreki erabakitzeko bidea ixtea”.

Duela lau urte, Espainiako erregearekin zeukan audientziara joatea erabaki bazuten ere, orain ez dira joango, eta hartutako erabakia arrazoitu dute. “Espainiako Erregeari esan beharreko guztia esan genion duela lau urte: Euskal Herria errespetatzeko, euskal herritarrei bere eskubideak ez ukatzeko, gure burujabetza ez gehiago hausteko. Esan genion busti zedila herri honentzako normalizazio eta bake bidean. Eta ikusi dugu zein izan den erantzuna. Oraindik zain gaude”. Gaineratu dutenez, “ez gara Espainiako Erregearekin elkartuko, ez duelako ez entzun ez ikusi nahi herri oso baten borondatea. Hauekin alferrik da: eta frogatuta gelditu da”.

Erregea aldatu bada ere, denak bere horretan jarraitzen duela agertu dute Beitialarrangoitiak eta Enbeitak. “Estatuak, gaur, ez du inolako eskaintzarik Euskal Herriarentzat. Edo, bestela esanda, duen eskaintza ez da demokratikoa”.

“Ez gara Espainiako Erregeren menpeko sentitzen, eta ez gaude Espainiako Erregeren menpeko gisa jokatzeko prest”, azpimarratu dute. “Indar aurrerakoi eta soberanista moduan, gure herriaren eta gure herritarren burujabetzaren defentsan lanean jarraitzeko konpromiso tinkoa hartua dugu. Eta bide horretan egingo dugu lana Madrilen”.

Gaineratu dutenez, “Espainiako monarkia iragana da, eta burujabetza etorkizuna”. Beitialarrangoitiak eta Enbeitiak esan dutenez, “gure etorkizuna, gure baliabideak, guk kudeatu nahi ditugu bere osotasunean. Eta baliabide horiek gure herritarren bizi baldintzak hobetzeko erabili nahi ditugu; pertsonengan inbertitzeko, langileen eskubideak bermatzeko, bestelako eredu sozial eta politikoak eraikitzeko. Gure baliabideak ez dira Familia Borboniko baten gutiziak ordaintzeko; gure baliabideak herri justuago bat eraikitzeko dira”.

@ehbilducongreso