Sabino Cuadra EH Bilduko ordezkariak eta Amaiurreko diputatu ohiak esan du Espainiako estatua “zentralista, hierarkizatua eta herrien espetxea” dela. Gaur goizean Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan azpimarratu du oso fronte indartsua eratzen ari direla Espainiako estatuaren batasuna bermatzeko. “Espainian Espainiaren batasuna ukitzea muinera joatea da. Konstituzioaren lehen artikuluak dio Espainiako subiranotasuna bat eta bakarra dela, bigarrenak estatuaren izaera zatiezina azpimarratzen du, armada hori horrela izateko berma dela dio. Hori guztia frankismoaren oinordetza da; jende orok dakien bezala, militarrek inposatu zieten hori ondoko gelan Konstituzioa idazten ari zirenei. Hau da daukagun Espainia”.

PPren legealdiari ere egin dio erreferentzia Cuadrak. “Ustelkeria, gainontzeko indar politikoak aintzat ez hartzea, murrizketak... Horixe izan da PPren legealdia. Arlo guztietan izan den eskuduntzen zentralizazioa ere aipatuko nuke. Lan erreforma, LOMCE, Mozal Legea. Onartutako lege guztiek ekarri dute berarekin eskuduntzen murrizketa eta estatu zentralistaren eskuduntzen hazkundea”.

@ehbilducongreso