Urko Aiartza senatariak gogor kritikatu du PPren gobernuak Nazio Batuen aurrean erakutsitako jarrera.

Espainiako Erresumak indarkeriaren biktimak aurkeztu ditu NBEko Segurtasun Kontseiluaren aurrean eta, Aiartzak adierazi duenez, “ekimen hori laudagarria izan zitekeen, baina ez da hala izan, gobernuak partzialtasunez jokatu duelako berriz ere Estatuaren terrorismoaren biktimekin, haien ahotsa isilaraziz”.

Ildo horretan, senatari subiranistak PPren gobernuari leporatu dio berriz ere “gezurretan” aritu dela Segurtasun Kontseiluaren aurrean: “2004an, Espainiaren ordezkariak egiarekin bat ez zetorren ebazpen bat onartzera behartu zuen Segurtasun Kontseilua, M11ko atentatu basatiak ETAri leporatuz. Atzo, Margallo ministroak beste gezur bat esan zion Kontseiluari, oraingoan Begoña Urrozen hilketari buruzkoa, 1960ko atentatu hori DRILek hartu baitzuen bere gain”.

Hala ere, Aiartzak bere begirunea eta elkartasuna adierazi die atzo Segurtasun Kontseiluan parte hartu zuten biktimei. “Baina hori ezin da, eta ez da izan behar, txeke zuri bat Estatuaren bidegabekerien aurrean”, gaineratu du.

Galdera idatziak gobernuari

NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2004ko ebazpenari buruzko bi galdera erregistratu ditu euskal senatariak. Ebazpen hartan, Segurtasun Kontseiluak M11ko atentatuak gaitzetsi eta ETAri egotzi zien haien egiletza, Espainiako Erresumak hala eskaturik,

Zehazki, Amaiurreko senatariak bi galdera hauek erregistratu ditu:

  • Espainiako Erresumak Segurtasun Kontseiluan daukan ordezkariak zerbait egingo du ebazpen hori zuzentzeko?
  • Ebazpena zuzentzea ezinezkoa balitz, 1530 ebazpenean atentatuen egiletzari buruz esandakoa okerra dela aitortuko duen beste ebazpen bat sustatuko du?

@ehbilducongreso