Gobernuak berak emandako datuetan oinarrituta, diputatu subiranistak pentsioen ordainketa “arrisku larrian” jarri duela leporatu dio Espainiako Gobernuari.

Iazko aldi berdinarekin alderatuta, urtarriletik abuztura bitarteko aldian afiliatuen kopurua %3,22 igo da, baina bildutako dirua %0,78 besterik ez. Era berean, euskal diputatuak nabarmendu du PPren gobernuak %56,4 murriztu duela Gizarte Segurantzako erreserba funtsa, eta OCDEko gainerako estatuek, ordea, handitu egin dutela. “Iritziak libreak dira, baina datuak hor daude, eztabaidaezinak dira”, erantzun dio Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroari, eta hau gaineratu du: “arazoa ez da soilik etorkizuneko pentsioak arriskuan daudela, baizik eta oraintxe bertan pentsioak jaisten ari direla”.

Larreinak adierazi duenez, “Euskal Herrian diru sarrerek sistemaren gastuen gainean daukaten estaldura tasa %79,76 da, eta Estatuan %73,9, hau da, sei puntutik gorako aldea dago. Beraz, Estatuak gure herriak baino ahalmen txikiagoa du Gizarte Segurantzako gastuak bermatzeko”.

Haren iritziz, “gobernuak urgentzia eta diligentzia handiz bultzatu ditu enpresa handien, bankuen eta ekonomia espekulatzailearen beharrei erantzutera bideratutako erreformak, eskubide laboralak eta sozialak murriztuz, baina herritar xeheen beharrei erantzuteko orduan, aldiz, ez du ezer egin eta bazter utzi ditu”. “Oraingo alargun pentsioek eta gutxieneko pentsioek ez dute bizitza duina bermatzen”, esan du.

Larreinak Espainiako Gobernuari leporatu dio pentsioez hitz egiten duela “soil-soilik bere erabakitze eskubidea aldarrikatzen duen jendeari beldurra sartu nahi dionean, independentziaren aldeko hautua egin ez dezan, eta ezkutatu egiten du sistemaren porrota Estatuarena baino askoz lehenago gertatuko dela”.

Hala ere, Larreinak adierazi duenez, gobernuak “erein” nahi duen beldurraren aurrean euskal independentista eta subiranistok “errealitate itxaropentsu bat eskaintzen diegu euskal herritarrei: gure burujabetza erabiliz pentsio duinak bermatu ahalko dizkiegu Euskal Herriko pertsona guztiei”.

Enplegu ministroak, bere argudioak egiazta lezakeen inolako daturik eman gabe, honela erantzun dio: “Gizarte Segurantzari eta sistemako elkartasunari esker, Euskal Autonomia Erkidegoko prestazio defizitari aurre egiten zaio”.

@ehbilducongreso