Sabino Cuadraren esanetan “ministro ohiek, poliziek eta epaile frankistek buruturiko krimenak ez zirela krimen izan esatea garai hartako legeriak ez zuelako horrela aurre ikusten, besterik gabe, krimen handi hura estaltzea da”.

“Noski ez zirena! Alemania nazian bertako agintariek buruturiko krimenak krimen ez ziren bezala!” esan du Cuadrak. Bere hitzetan, “hain zuzen, krimena, desagerpenak, tortura, behartutako lanak, espetxea eta giza eskubide ororen zapalketa erregimen haren zutabe nagusiak ziren".

PP eta bere herentzia frankista

Martin Villa (barne ministro frankista ohia) eta Manuel Fragaren kasuetatik habiatuta, diputatu subiranistak galdetu du ea zer espero daitekeen “neurri handi batean bere geneetan herentzia politiko frankista duen alderdi politiko batengandik”.

“Villa eta Fraga bezalaxe, milaka faxistek diktaduratik erregimen berrira salto egin zuten zaratarik atera gabe, ezer hautsi gabe”, esan du Cuadrak. “Frankista horiek guztiak betiko demokratak bailiran aurkeztu ziren jendaurrean”, salatu du.

1977ko Amnistia Legea

Sabino Cuadrak gogor kritikatu du 1977ko Amnistia Legea bere esanetan, “frankismoaren krimenak estaltzeko legea besterik ez delako”. Are gehiago, bere hitzetan, “aurreko erregimeneko pertsona eta erakundeak sistema berrira egokitzeko legea” izan zela uste du Cuadrak.

“Baina lege hura ere eroriko da, kereila argentinarrak aurrea egingo duen bezala”, ziurtatu du diputatu nafarrak.

Bere aburuz, “laster baino beranduago iritsiko da haustura demokratikoa”.

Horregatik guztiagatik, Argentinako justiziari kasu egin diezaiola eta frankismoko krimenengatik prozesaturiko 20 pertsona horiek estraditatu ditzala eskatu dio Sabino Cuadrak Espainiako gobernuari.

@ehbilducongreso